euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Segundo Galarza' Programa: Laurak Batek estilo eta errepertorio askotako kontzertu zikloa eratu du Buenos Airesen

2023/09/06

“Segundo Galarza” Musika Programaren baitan, Sandra Federici eta Beatriz Pedrini artistek bi pianorentzako kontzertua eskaini zuten joan den irailaren 2an Laurak Bat Euskal Etxeko Basaldua Aretoan
“Segundo Galarza” Musika Programaren baitan, Sandra Federici eta Beatriz Pedrini artistek bi pianorentzako kontzertua eskaini zuten joan den irailaren 2an Laurak Bat Euskal Etxeko Basaldua Aretoan

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Buenos Aireseko Laurak Bat Euskal Etxeak “Segundo Galarza” izeneko kontzertu zikloa jarri du abian, bazkide kuttun eta musika koralaren bultzatzaile nekaezina izan zuenaren omenez. Buenos Aireseko Bragado herrian jaioa, Segundo Galarza Donostian bizi izan zen gaztetan. 1937an Argentinara itzuli eta aitari lagundu zion Lagun Onak Abesbatza ospetsua sortzen. Segundoren izena daraman zikloak estilo eta errepertorioetan eskaintza zabala biltzen du. Kontzertuak publiko orori irekiak dira, sarrera doakoa du eta abendura arte luzatuko da.

Hiru kontzertu bildu ditu orain artean euskal etxeko Basaldúa aretoan. Uztailaren 15ean, Laudate Dominum, Erdi Aroko eta Musika Errenazentistako Ensemble Argentinarrak “Johns & Thomases” musika errenazentista ingeleseko kontzertua aurkeztu zuen. Abuztuaren 5ean Abesbatzen Zikloaren txanda heldu zen. Bertan aurkeztu ziren Americanto Abesbatza, Buenos Airesko Unibertsitateko Zientzia Zehatz eta Naturalen Fakultateko Abesbatza eta Voces Granates Abesbatza. Joan den irailaren 2an, berriz, Sandra Federici eta Beatriz Pedrini artistek osatutako bikoteak kontzertua eskaini zuen bi pianotan, Gliére, Barber, Guastavino eta Lasalaren lanak aurkeztuz.

Buenos Airesko Laurak Bat,  musika-jardueren agerleku

“Gure asmoa, Buenos Aires hirian Laurak Bat Euskal Etxea musika-jardueren agerleku gisa finkatzea da, zentzu unibertsal batean eta ez bakarrik euskal musikari dagokionez. Aurten, hain zuzen ere, askotariko abesbatzen presentzia programatu da, modalitate horrek, polifoniak, jatorriz ez bada ere, euskal kulturan sakonki errotuta dagoela uste dugulako», adierazi dio EuskalKultura. eus-i Jose Gutierrez zikloko koordinatzaileak.

Hurrengo hitzorduak, izan ere, berriz ere musika koral ikuskizunak izango dira. Datorren ostiralean, Irailaren 8an, arratsaldeko 19:30etan, ILSEko (Instituto Libre de Segunda Enseñanza) Gazteen Abesbatza, Alas de los Buenos Aires Abesbatza eta Sol Mayor Abesbatza aurkeztuko dira. Eta biharamunean, irailaren 9an, 16etan, Voces de Nuestros Aires abesbatzak eta Mordje Guebirtig Judu Herri Abesbatzak egingo dute.

Datozen ikuskizunak Laurak Bat Euskal Etxeko sareetan, centrolaurakbat.com webgunean edo gure agenda atalean kontsultatu ahal izango dira.
- Facebook: Centro Laurak Bat
- Instagram: centrolaurakbat



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia