euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Segitzen dute aita Martxel Tillousen heriotzaren oihartzunek: Martin Etxamendiren gutuna

2009/05/06

Aita Martxel Tillous (argazkia EuskalKultura.com)
Aita Martxel Tillous (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Segitzen dute aita Martxel Tillous apez xuberotarra, azken 14 urteotan Estatu Batuetako euskal komunitateetako kapelau edo omonierra eta aurretik lau urtez Pariseko Eskual Etxekoa izan zenaren aldeko agerpenek. Estatu Batuetan, guztiek ezagutzen zuten, hasteko euskal piknik guztietako, edo ahantxu guztietako, eguna hasteko meza-emaile baitzen. Ez horregatik bakarrik, ordea. Hori guztia oroitarazten digu Mattin Etxamendi ezterenzubitarrak, Estatu Batuetatik igorririk, Herria astekariak aste honetan argitaratzen duen gutunak islatzen duenez.

Mattin Etxamendi, Bakersfield, Kalifornia. Kaliforniatik Artzain on bat galdu dugu. Gure xuberotar apez Martxel Tillous-ek denetaz biziki maitatua zenak begiak hetsi ditu. Martxel-ek iragan du gure artean urte alde ederra, 1995eko apirilean etorria zela uste dut Amerika aldera, geroztik segur bazuen zonbait itzuli eginik hemengo bazter zabaletan hedatuak diren euskaldunen beharrorduetan laguntzeko. Batean zirela pik-nikak, ezteiak, haur bataiatze edo urruneko rantxo zonbaitzuren bisitatze, han edo hemen meza zonbait emanez rantxo hetako jendekin egun zonbait iraganez.

Lehenbiziko hilabetetan etzukeen bere lana sobera errexa harrapatu, inglesik etzuen mintzatzen, leku arrotz batean mentalitate desberdin bat bere inguruan, izan ditaike hastapena frango nekea den nunbaitik etorri arrotz batendako. Bainan Martxelek laster bere burua maitarazi zuen, hain zen zerbitxu ekarle, denentzat berdin umil umila, beti sokorri zonbaiten ekartzera prest zen.

023 Martxel Tillous

[Aita Martxel Lousianako euskaldunekin, meza ematen (argazkia: Lisa Corcostegui)]

Nunbaitik jakinarazten bazioten, han nunbait berdin biziki urrun bazela xahar edo eri zonbait harekin elakatu nahi zuena, bere «Pottoka» (beribila) hartu eta bazoan lotsarik gabe delako beharretan zen norbait haren ikustera, eta saiatuko zen eri edo xahar nor baitzen ere ahal bezain goxoki sendiaraztera.

Arras gizon goxoa zen, holako eginbideak ez dira aise ahanzten. Bide haundiak egin behar zituelarik berdin, Kaliforniatik iparreko estatuetarat juaiteko bazakien, bide bazterretako parke zonbaitetan zuhaitz pe batean bere oihal-etxola ezarri eta han gauaren pasatzen. Gero arraillerian erraiten zuen : «Nik ere mendebaleko bortuetan egiten dut neure artzaintza oihal etxolan lo eginez lehengo euskaldun artzainek bezala».

008 Martxel Tillous

[Pottokaren lizentzia plaka (argazkia: EuskalKultura.com)]

Bertze gauza bat Martxelek zinez maite zuena eta eginbide zintzo kontsideratzen zuena zen NABO elkarteak urte oroz muntatzen duen udako Kultura-ikastaroa (udaleku): Euskal etxe zonbaitetan bi astez elgarretaratzen dira gure haur edo gaztetxoak elgarrekin euskal kulturaz ikastaldi bat egiteko. Hots kultura etxekotzen dute. Gure xuberotar apez eta kulturazale kartsuak horiek etzituen huts egiten, han izaiten zen bere gaztetxoen artean, xixtu edo kantu erakasten, euskaraz eleka laguntzen, denen artean adixkidantza sortarazten zuen, ordainez gure haur eta gaztek denek ongi ezagutzen zuten eta biziki maite zuten.

Azken denbora hotan eri egon delarik uste dut ainitz haurrek gutun pollit batzu igorri dazkoten beren atxikimendua erakusteko. Martxelek hain segur memento goxo batzu iragan duzke gaztetxo horien eskutitzak irakurtu dituelarik. Berak ere hain zituen maite gaztetxo horiek.

012 Martxel Tillous

[Udalekun euskal kantuen erakasle (argazkia: EuskalKultura.com)]

Mahain on baten inguruan gertatzen zelarik Martxel, ardurenean kantuak etzuen huts eginen batere lagunik balin bazuen hasteko. Berak jaten etzuen denbora haundirik behar arras kasu emaiten baitzuen, bainan lagunekin kantuz loriatzen zen.

Azken denbora hotan nekez zabilan aspaldixkoan bere ez-ontsak arras nekatzen baitzuen, halarik ere eginahalak egin ditu hemengo euskaldunen artzaintza ahal bezain untsa eta ahal bezain luzaz irauteko.

003 Martxel Tillous

[Kantuz, Bakersfield-eko Komentzioko mezan, San Frantziskoko koraleko zuzendari (argazkia EuskalKultura.com)]

Juanden primaderan Bakersfield-eko piknikarat etorri zen eta meza kantatu bat ederra muntatu zuen, horrela gure piknikari errespetuzko hastapen bat emanez, alta orduko aski eri egona zelarik. Gero buruilean berriz etorri zen Chino eta San Frantziskon euskal bestetan parte hartzeko. Bere artaldeaz orroitzen zen, beti umil umila, bere eginbidea betez.

Martxelek bazuen ainitz leku kurriturik eta aski lan eginik ibilia zen lekuetan. Orai pausa dadila berak hainbertze aipatzen zituen Xuberoko mendi ederren geriza pean. Entzun dugu ehorzketa ederra eskainia izan zaiola eta hortaz denak pozik gaude.

019 Martxel Tillous

[Txistulari eta euskal kultura eta musika laguntzen (argazkia EuskalKultura.com)]

Bazko egunean gure Euskal Etxean Martxelen ohoretan emana izan da meza, berak erakutsiak zauzkigun kantuak kantatuz. Denak kartsuki hortaz orroitu gira.

Ez adiorik Martxel ! Gure gogo bihotzetan orroitzapen onak utzi dituzu !... Gure gaztetxoek zure izena aipatzean, goxotasun xinple bat erakusten dute aurpegian, dena maitasunez betea.

Zure inguruan iragan dituzten oren goxoez orroitzen dira. Fedea eta kultura biak batean maitaraztea saiatu zira. Aberastasun bat utzi duzu heiendako. Zure begietan ikusi dugun zuzentasunak gure biziari buruz esperantza ekartzen dauku !…

Agur adixkidea ! Eta esker-mila.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia