euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Segitzen du hildakoen zenbaketak Txilen; euskaldunik oraingoz ez; Viñako Eusko Etxearen egoitza, galdua

2010/03/03

Facebook bidez azkar hedatu den irudi hau Txiletik bidali digu bikote lagun batek. Esangura, "txiletarrak, hondamenditik zutitu eta suntsipenari aurre eginez gogor eta gogoz egingo dute lan"
Facebook bidez azkar hedatu den irudi hau Txiletik bidali digu bikote lagun batek. Esangura, "txiletarrak, hondamenditik zutitu eta suntsipenari aurre eginez gogor eta gogoz egingo dute lan"

PUBLIZITATEA

Segitzen du Txilen --eta luze hartuko du-- joan den larunbatean herrialdeko zati handi bat eraso zuen lurrikarak eragindako kalteen eta hildakoen zenbaketak. Bosgarren Erregiotik Zortzigarreneraino doan zerrenda da kaltetuena, baina Santiagon, Valparaison eta beste leku batzuetan komunikazioak, ura, argindarra eta oinarrizko beste zerbitzu batzuk atzera etortzen ari diren bitartean, egoera oso bestelakoa da Hegoaldean kaltetuen gertatu diren lekuetan. Euskal komunitateko lagunekin hizketan, hildakorik ez omen da ezagutzen. Santiagoko Euzko Etxeak ez du kalte esanguratsurik jaso, eta Nafarroako Euskal Etxekoek ere ez dute hildakorik adierazi. Aldiz, Viña-Valparaisoko Eusko Etxeari dagokionez, euren egoitzak kalte ugari jasan omen ditu, egitura aldetik, eta bertako lehendakari Archivaldo Uriartek esan digunez, galdutzat jo behar da, hormak arraildu eta mugituta, eta batere segurtasunik eskaintzen ez duela.

Santiago, Txile. EuskalKultura.com-ek kontsultatu dituen euskal iturriek Santiago eta eremu metropolitarrean, Viña-Valparaison, eta Zortzigarren Erregioan --bertan daude Concepcion eta Constitucion--, ez dute hildakoen artean euskaldunik aipatu, nahiz eta bereziki azken eremu horretan komunikatzeko zailtasunak oraindik ere handiak diren eta eskaintzen ari diren zenbait datu behin-behinekoak diren.

Bosgarren Erregioko --bertan daude Viña del Mar eta Valparaiso-- euskaldunei dagokienez, datuak beretsuak dira hildakoei buruz: euskal zendutakoren konstantziarik ez. Aldiz, kalte materialei dagokienez, bertako Eusko Etxeko egoitza oso kaltetua dagoela adierazi du Archivaldo Uriarte euskal elkarteko lehendakariak. Hormak arrailduta eta mugituta eta eraikinaren egitura bera kaltetuta legoke. Euskal bulegoa eraikin bateko zortzigarren solairuan dago eta etxeak oro har ez omen du gehiago segurtasunik eskaintzen. "Egoitza galdu dugula esan daiteke", adierazi du Archibaldo Uriartek.

Santiagotik, 'Berriketari' izeneko euskal buletineko arduradun diren Maria Anjelica Carrasco eta Ignacio Bastarricak euren lekukotasuna eskaintzen dute egoerari buruz: "Ondo gaude eta baita gure familiak ere. Gure etxeek ongi eutsi diote lurrikarari eta bakarrik gauza puskatuak eta objektu hondatuak aipa ditzakegu. Egiazki, goizalde ikaragarria izan zen eta zorionez jendea lo zegoen. Seguruenik horrek lagundu egin zuen kalteak txikiagoak izan zitezen. Hala ere, ehunmilaka dira kaltetuak eta orain arte hildakoen kopuru ofiziala zortziehunetara ari da hurbiltzen, eta seguruenik gora egingo du denborak aurrera egin ahala. Herrialdeko eskualde batzuk erabat birrindu ditu lurrikarak eta baita tsinamiek ere, hauek gogor erasotu baitzuten kostaldea".

Azaltzen segitzen dute "orain artean behintzat ez dugu(la) euskaldunen artean kalteturik topatu eta guztiak ongi egotea espero dugu(la). Mantso joan da normaltze prozesua, bereziki komunikabideen arloan. Angindarra, ura, gasa eta telefonoa falta dira Txileko eremu zabaletan eta horrek zaildu egiten du jakitea zehatz-mehatz zer gertatu den. Arrengurak eta angustiak lapurketak eta ekintza gaizkileak ekarri ditu eskualde kaltetuenetan, Santiago barne, eta horrek egoera areagotu du. Agintariek keda-egoera ezarri dute Concepcionen, ekintza lotsagarri horiek ekiditeko".

"Histeria kolektiboak gasolindegiak jendez gainezka suertatzea eta supermerkatuetan ilada amaitezinak sortzea dakar, elikagaiez eta beste gai batzuez bete-bete egiteko helburuz baitoa jendea eta honek ez du batere laguntzen ordena eta normaltasuna ekartzeko. Bi minutu luzeko lurrikara bukaezina izan zen guretzat; agian lurraren dardarizoetara ohituta dagoen herrialde honek jasan dituen handienetakoa eta eragin suntsigarriena izan duenetakoa izan da. Nazioarteko elkartasuna handia eta garrantsitsua da guretzat, baita internet bidez jasotako milaka mezuak ere; izan ere, azken medio hau eragingarriena izan da orain arte komunikatu ahal izateko".

Bere aldetik, Agustin Otondo Dufurrena erratzuarrak, Txileko Nafar Etxeko kide sortzaile eta lehenengo presidente izan zenak, esan digu, beste medio batzuei bezala, bera eta bere familia ondo daudela. "Zoritxarrez, oso gutxi da daukagun informazioa, Santiagoko leku askotako etxeek oraindik ez baitute argirik, urik eta telefonoak ere ez baitabiltza ongi; hiriburu honetatik hegoalderago, egoera are ikaragarriagoa da. Lurrikara izugarria izan zen".

Antzeko zerbait dio telegrama modura Patricio Legarraga, bera ere baztandar jatorrikoa: "Txile hegoaldeko hondamendia itzela da. Concepcion aldean ez dago argindarrik, ezta urik ere. Milaka etxe birrinduta. Oso zaila da komunikatzea. Ehundaka hildako daude lurikarak hilda edo desagertaraziak, eta partikularzki tsunamien eraginez.  Valparaison ur eta elektrizitate arazoak daude. Santiagon egoera lasaiagoa da. Batez ere sustu handia. Nire familian guztiak ongi, Jainkoari eskerrak. Etxeak ez dauka kalterik. Argindarrik gabe gaude. Zinez gogor kolpatu gaitu oraingoko lurrikara honek!".

Hiriburutik baita ere, Francisco Montoryk, lapurtarren biloba, ongi dagoela dio, familiarekin batera. "Hemen Santiagon trenbide pasabideak eta hiriarteko eta hiri barneko errepideetako oinezkoentzako pasabide garaiak erori egin ziren, Santiagoko alde zaharra dexente kaltetu da, adobezko etxe zahar asko baitaude, baina eraikin modernoak ere kaltetu dira".

"Kontsolamendu gisa, esan dezadan txiletarrak ohituta gaudela (lehenengo konkistatzaile espainiarrak heldu zirenetik, Diego de Almagro eta Pedro de Valdivia buru, eta haiekin batera euskaldun batzuk euren taldekide) noizbehinka lurrikarak eta itsasikarak jasatera geure herrialdearen eremu osoan. Pairatzen dugu, zutitzen gara, berregin egiten dugu, hazten segitzen dugu... datorren lurrikararen zain gaudela". "Baina honakoa, aski handi eta kaltekorra izan da".

Dio Montoryk: "lurrikaren eta itsasikaren muturreko bortizkeriak lagundu digute txiletarroi hobekiago ulertzen giza hauskortasuna, Jainkoaz oroitzea, herri apala bilakatu gaituzte eta aldi berean ekimentsua kontrakotasunen aurrean..., gobernuaz kexatzeaz aparte (azken hau ekintza terapeutiko eta erlaxagarria da gainera). Jakina gutariko gehienok zainetan daramatzagun euskal odol tantek geure izaera adoretsu eta ekimentsuan zerikusirik izan dutela. Sebastian Piñera Echenique gure presidente berriak euskal odola dauka".



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia