Karrantza, Bizkaia. Euskal Herri osoko hainbat dantza talderen bilgune bilakatuko da datorren asteburu hau Bizkaiko Karrantza, bertan ospatuko baitu Euskal Herriko Dantzari Eguna 2024 Euskal Herriko Dantzarien Biltzarrak. Programak aurrekari bat izango du ostiralean Karrantzan bertan eta larunbata, urriaren 5a izango du egun nagusi. Berrogeita hamar dantza talde pasexe bilduko dira partaide, Euskal Herriko hainbat bazterretatik etorriak, eta beste lau talde ere Diasporakoak, Argentina, Uruguai, Txile, eta Saint Pierre eta Mikelunetik partaide.
Izan ere, talde guztiak presentzialki izango dira partaide, Diasporakoak ezik, hauek pantaila bidez bertaratuko baitira, aldez aurretik antolatzaileek jarraipideak segituz grabatutako bideoak medio. Hauek dira Diasporako dantza taldeen ordezkari arituko diren lau taldeak:
- Euskadiko Lagunak, Txileko Santiagotik (Txileko Euskal Gizataldea Euskal Etxea)
- Eusko Indarra, Uruguaiko Montevideotik (Haize Hegoa Euskal Etxea)
- Orok Bat,Saint Pierre eta Mikelunetik, Kanada ondoan, Frantziako parte (SPMko EEa)
- Oihankide Taldea, Argentinako Buenos Aireskoa (Oihankide Taldea)
Ekitaldia zuzenean Youtubez
Karrantzako ekitaldi nagusia munduko edozein herrialdetatik, edo Euskal Herritik bertatik ere, online segitu ahal izango da zuzenean, Euskal Dantzarien Biltzarrak, hala izan zedin azkeneko urteotan bezala hartu dituen neurriei esker. Ez ahaztu ekitaldia zuzenean eskainiko dela, larunbat honetan, Euskal Herriko 17etan hasita (Argentinan 22ak edo AEBko Kalifornian igande goizaldeko 2:00ak direnean). Ikus hemen: