euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Segitu nahi al duzu Boiseko 2023ko San Inazio festetako bertso saioa? Ikus hemen bideoa, azpitituluak ingelesez

2023/08/08

Boiseko San Inazio 2023 euskal festetako bertso saioko argazkian, John Ysursa, Lur Ziarrusta, Martin Goicoechea eta Todor Azurtza
Boiseko San Inazio 2023 euskal festetako bertso saioko argazkian, John Ysursa, Lur Ziarrusta, Martin Goicoechea eta Todor Azurtza

PUBLIZITATEA

Boise, Idaho, AEB. Euskal Herriak, Diaspora ere barnean dagoela, bere kideek, bere herritarrek ematen dioten eta eman diezaioketen indarra eta geroa dauka. Ez zitzaion funtsean arrazoirik falta Artzeri "Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik" poema famatua idatzi zuenean. Boisetik ere ekarri baliosa egiten diote euskalgintza orokorrari bertako euskaldunek, zenbaitek ahalegin nabaria eginez bertako euskal komunitatean euskarak eta euskal kulturak aurrera egin dezaten. Ez dela erraza? Jakina, Europako Euskal Herrian ere gauzak ez dira askotan errazak. Baina Boisen ere gogor dihardute lanean euskaltzale engaiatuek, lekukotasun bikaina emanez, interesa dutenei edo izan dezaketenei, ikasi nahi dutenei edo parte bilakatu nahi dutenei aukerak emanez, euskal jatorrikoak izan ala ez, gu ezagutu gaitzaten, agian gureratu eta gure unibertsoko kide bilaka daitezen. Ez da, esan bezala, lan erraza, eta batzuetan esker txarrekoa ere izan daiteke, zorotzat hartzeko arriskua ere hor egon ohi da, baina ez dago sinesten duzun horren alde lan egitea eta zeure buruarekin konsistente izatea bezalakorik. Beste poeta baten esana ekartzearren, Gandiagak idatzia da "Baina gu nahastaile omen gara, zeren Herriak ez baitu hainbeste ixtimatzen euskara. Baina, hala balitz ere,gu, Herriaren alde; zeren Herria baikara gu ere".

Hau guztia, bertsolaritzaren alde Todor Azurtza bezalako pertsonek daramaten lana hona ekartzearren. Jende fina bildu zen oholtza gainean orain dela egun batzuk Boiseko San Inazio euskal festen barruan egindako bertso saiora. Bertsolariak, bertako Todor Azurtza (Boise) eta Martin Goicoechea (Wyoming), eta azken momentuan, uztailean Boisen egin diren Pilota Camp eta NABO Udalekun pilota irakasle izatera Bizkaitik etorritako Lur Ziarrusta bildu zitzaien. Diasporan, Euskal Herrian agian egingo ez zenituzkeen gauzak egin eta konpromisoak hartzen dira. Aurkezle, beste fenomeno bat, John Ysursa, BSU Unibertsitatean Historia irakasle den eta bere bizitza euskalgintzari dedikatu dion euskaldun eta euskaltzale boisetar bat. Inoiz aitortuko al diote bere merezimendu guztia! Martinek, bere jaioterri Nafarroako Gorritin, gaztetxo zela hona emigratu aurretik, eman zituen bere lehen urratsak bertso munduan, eta duela 35 bat urte berreskuratu zuen plaza AEBko Mendebaldean, Rock Springs-en ere lan ona eginez bertako euskal elkartearentzat, NABOn Euskara arduradun gisa eta baita bertsolari eta bertsolaritzaren sustatzaile, azken urteotan Todorrekin lankide. Gizon bereziki zoriontsua egin du bere alaba Mikaelak azkeneko pare bat urteetan euskara ikasi eta Euskaltzaindiarik gabeko euskaldun oso bilakatzeak.

Eurak, bada, uztailaren 30ean, igandea, datorren bideo honetan islatzen den bertso saioa eskaini ziguten, euskaraz, inguruan ingelesezko hamaika azalpen lagungarri, euskaldunekin batera, bertako bestelako interesatuek ere apreziatu eta segitu ahal izan zezaten. Saio didaktikoa, beraz. Non, eta kalearen erdian, Boiseko euskal festaren bihotzean ipinitako oholtzan, Basque Block-en, aipatutako lan didaktiko hori prestatzeko lana hartuz, bertsozaletasunarekiko eta euskaltzaletasunarekiko maitasunez eta engaiamenduz. Eta Todorren kasuan, ondoren bideoa editatuz eta azpititulatuz, horrek dakarren lanarekin. Biba zuek! Hona AEBko euskal diasporan sortutako bertso saio hau, bertakoak protagonista. Mila esker!


Bideoan lehenengo John Ysursaren azalpenak ingelesez. Ondoren (7' 14'') saioaren hasiera



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia