euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Segi ezazu online CURZAren Euskal Diaspora ikastaroa: gaur Sara Pagola eta Gorka Alvarez Aranburu mintzatuko dira

2023/06/07

Sara Pagolak eta Gorka Alvarezek hitzaldia emango dute gaur Comahueko Unibertsitate Nazionalean, euskal diaspora hizpide
Sara Pagolak eta Gorka Alvarezek hitzaldia emango dute gaur Comahueko Unibertsitate Nazionalean, euskal diaspora hizpide

PUBLIZITATEA

Viedma, Argentina. Gaur arratsaldean Euskadiren Argentina-Mercosurreko ordezkari Sara Pagola eta Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Álvarez Aranburu, CURZAko (Comahueko Unibertsitate Nazionaleko Zonalde Atlantikoko Eskualde Unibertsitate Zentroa) Kontseilu Aretoan izango dira. Hitzaldia eskainiko dute Viedma-Patagoneseko Aberri Etxea antolatzaile duen "Euskal Diaspora: hurbilketa Ipar Patagoniako euskal kulturara" izeneko kultur hedapen ikastaroaren baitan.18etan izango da, bertako orduan, gaueko 11etan Euskal Herrian.

Eusko Jaurlaritzako bi ordezkariek aurkeztuko duten gaia hau izango da “Euskal Diaspora. Antolamendua eta Euskal Herriarekiko harremana. Euskadiren Argentina-Mercosurreko Ordezkaritza”. Ikastaroan parte hartzea doakoa da, eta aurrez aurre zein urrutitik egin daiteke. Partaidetza presentzialerako kupoa osatuta dago baina posible da ikastaroarekin online bat egitea. Izena emateko, eskaera emailez egin behar da losmolicotes@yahoo.com.ar helbide elektronikora idatziz.

Diasporari buruzko ikastaroa: tradizioa, memoria, nortasuna eta hunkidura


Ikastaroaren aurreko saioa. Ezkerretik eskuinera: Fernando Córdoba, María del Carmen Elzaurdia, Aberri Etxeko arlo teknikoko arduradun Ailén Saralegui eta Rubén Suárez, unibertsitateko ikasgela hibridoan (argakia: Aberri Etxearen Komunikazio arloko Pablo Calabrese)

Laugarren topaketan, joan den asteazkenean, maiatzaren 31n, euskal kultur adierazpenak, pintura eta literatura, eta tradizioaren, memoriaren eta nortasunaren arteko erlazioa izan ziren hizpide. Letren irakasle eta Aberri Etxeko lehendakari ohi María del Carmen Elzaurdiak, artea, eta ikuslearen eta obraren arteko harremanaren alderdi orokorrak jorratu zituen. Euskal Etxeko Kultura arloko arduradun Ruben Angel Suarez doktoreak, berriz, José Ucelay, José eta Ramiro Arrue, Menchu Gal, Isabel Baquedano, Aurelio Arteta, Adolfo Guiard eta Bernardo Atxagaren lanak bisitatzea proposatu zien bertaratutakoei. Aberri Etxeko bazkide Fernando Donato Cordoba arkitektoak, azkenik, Arantzazuko elizaren xehetasun arkitektonikoak zein Jorge Oteiza eta Eduardo Chillida eskultoreen ekarpenak aipatu zituen.

Txoria Txori-ren interpretazio patagoniar hunkigarria (ikus bideoa)

Klasea amaitzeko, bideo bat proiektatu zen, aldameneko Rio Colorado herriko Omar Santiago Mansilla, Rúben Posada eta Roberto Zamora musikarien Txoria Txori abestiaren bertsio bat, parte-hartzaileak hunkitu eta zirrara berezia sortu ziena.

Gogora dezagun 'Txoria Txori', Joxan Artze poetaren hitzak eta Mikel Laboaren musika dituen kantua esanahi unibertsala duen euskal kantu bat dela, seguruenik ezagunena eta kantatuena mundu osoan, ez bakarrik euskaldunek, handia izan baita bere zabalkundea Euskal Herritik eta bere diasporatik kanpo ere. Kantu ederra, ederra da baita ere Patagonia argentinarretik, Rio Coloradotik, datorren bertsio hau. Mila esker handi bat hiru kantariei, Rio Coloradoko Ibaiko Euskaldunak euskal etxekoei euren lan orokorragatik, eta Viedma-Patagoneseko Aberri Etxeari, bere lan nekaezinagatik elkarren lokarri daukagun euskal kulturaren alde.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia