euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sebastian tipia, San Frantziskon larri zegoen 20 hilabeteko haur euskal amerikarra, hil egin da

2009/02/23

Sebastian 'Sebby' Moustirats, 20 hilabete baizik ez zituela San Frantziskon zendua, hezurmuin transplante baten beharrean, emaile bateragarri baten zain.
Sebastian 'Sebby' Moustirats, 20 hilabete baizik ez zituela San Frantziskon zendua, hezurmuin transplante baten beharrean, emaile bateragarri baten zain.

PUBLIZITATEA

Zoritxarrez, gerta zitekeen berria, zinez lazgarria izanagatik, gertatu da: Sebastian Moustirats tipia, bi urte ere ez zituen haurño euskal amerikarra, joan den asteburuan zendu da Standford-en, erietxean, ia bizitza honetan sartu gabe, Wiskott-Aldrich sindromea (WAS) zeukala eta egoera horretatik ateratzeko behar zuen hezurmuin bateragarria aurkitu gabe. Hezurmuin transplantea zen bizitzeko bere irtenbide bakarra, baina kanpainak Ameriketan zein Euskal Herrian egin arren, ez da posible izan hezurmuin bateragarri bat garaiz topatzea, eta Sebastian tipia joan den larunbatean hil da, 20 hilabete baizik ez zituela, bere gurasoen besoetan.

San Frantzisko, Estatu Batuak. Heriotza larunbatean gertatu zen Stanfordeko erietxean eta, bere aita nahigabetuak e-mail batez adierazi duenez, "gure besoetan hil da, bakean. Medikuek segurtatu diote oinazetan ez egotea eta posible izan zaigu berarekin behar adina denbora pasatzea".

Gurasoek eskerrak eman nahi izan dizkiete "gure alde otoitz egin duten guztiei; gauzak antolatzen eta Sebby-ri eta familia osoari kemena eta indarra emanez idatzi digutenei. Betirako geldituko da gure bihotzetan bere irriño dizdiratiarekin, bere molde atseginekin eta musikarekiko zeukan zaletasuna lagun". Lagun eta familiartekoei zabaldutako mezua Christophe eta Cristina gurasoek eta Landon Sebby-ren anaiak sinatzen dute.

Sebastian 'Sebby' tipiaren aldeko elizkizunak asteazkenean egingo dira, otsailak 25, goizeko 10etan, Saint Gregory Elizan, San Mateon. Elizkizunaren ondotik, haurraren gorpua Menlo Park-eko Gurutze Sainduaren hilerrian ehortziko dute.

Lotura interesgarriak

Sebby salbatzeko kanpainako webgunea
www.savesebby.com

Edonon munduan hezurmuin emaile egiteko informazio webgunea
www.bmdw.org

Telefonoak Euskal Herrian hezurmuin emaile egiteko
-Araba, 945 006291
-Gipuzkoa, 943 007400
-Bizkaia, 944 007333
-Nafarroa, 948 422588
-Iparraldea (0556 908370, Bordelen)



Komentarioak

  • Tipiaren oroiz

    Holako berriak beti dira bereziki lazgarri eta hunkigarriak. Doluminak gurasoei eta familia eta lagunei.

    Martin, 2009/02/23 20:19

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia