euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Seattle-go euskaldunek San Fermin bestak hiriko kaleetan zehar entzierroa eginez ospatu dituzte

2008/07/14

Seattle-go kaleetan egin zen entzierroan atera zen 'zezentako' bat
Seattle-go kaleetan egin zen entzierroan atera zen 'zezentako' bat

PUBLIZITATEA

Erdi zezen eta erdi goitibera, horrelakoxeak ziren Seattle-go euskaldunek joan den uztailaren 7an hiri estatubatuarreko kaleetara atera zituzten zezenak, San Ferminetako entzierroa egiteko. Carolin eta Joseba Jiménez, Harvest Vine eta Txori Bar euskal jatetxeen jabeak, izan ziren jaiaren antolatzaileak eta lagun asko bildu ziren euren deialdira zuri eta gorriz jantzita besta alai honetan parte hartzeko. Ekimenean Puget Sound Blood Center izeneko zentroarentzako dirua bildu zuten.

Seattle, EEUU. Munduko bazter desberdinetatik Diasporako euskaldunak San Fermin jaiak ospatzen ari dira egunotan, hamaika ekitaldi, bazkari eta bilkura antolatuz. Seattle-en adibidez, bertako euskal komunitateko kideek eta lagunek euren 'entzierro' berezia antolatu zuten, zezen eta guzti.  Hori bai, zezenak erosketa gurdietan montatutako panpinak ziren, baina giroa eta ondo pasatzeko gogoa, Iruñekoa adina izan zen. Harvest Vine & Txori Bar jatetxeetako jabeak, Carolin eta Joseba Jimenez, izan dira ekitaldiaren antolatzaileak eta arrakasta ikusita, urteroko hitzordua izango den itsaropena agertu dute Seattle-go euskaldunek.

Lagun asko bildu ziren ekitaldira eta hiriko kaleetan zehar entzierroa egin zuten, hiru zezenen aurrean korrika. Partehartzaileetako batzuk zezenak bultzatzen zituzten, lagunak harrapatu nahian, eta zezenatako batek harrapatutakoei ketxupa botatzen zien, odola bailitzan. Jaiari bukaera emateko korrikalari guztiak Txori tabernan bildu ziren afaria eginez.


san fermin seattle 2008

[Seattle-n egin zen San Ferminetako entzierroaren une bat]


New Yorken ere bai

San Fermin New York 2008Estatu Batutako beste puntan, New Yorken, San Ferminak gertutik bizitzeko aukera ere izan zen Las Ramblas izeneko jatetxeari esker. Urtero pintxo taberna honetan dekorazio berezia jartzen dute Sanferminak irauten duten aste osoan zehar eta kartan Nafarroako produktu tipikoak eskaintzen dituzte, besteak beste pipar gorriak, zainzuriak eta Erronkariko gazta. Edateko zurrakapotea eta kalimotxoa izaten dira aukera gustokoena eta jatetxeko pantaila erraldoietan entzierroak ematen dituzte. [Ezkerreko irudian Las Ramblas jatetxeko jaian bezero bat porroitik edaten (argazkiak Sanfermin.com)]





« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia