euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jaurlaritzak eta Galiziako Xuntak erakustokia partekatuko dute Berlinen gaur hasiko den Expolingua Azokan

2008/11/14

Expolingua 2008ko afixa
Expolingua 2008ko afixa

PUBLIZITATEA

Bere 21. edizioan dabil Berlineko Expolingua Azoka. Aurtengoan frantsesa ohorezko hizkuntzatzat harturik, gaur hasi eta igandera arte luzatuko ditu ekitaldiak. 30 herrialdetako 150 erakusle partaide, 15.000 bisitari inguru espero ditu, mundu zabaleko hirurogei hizkuntza ezagutu eta entzuteko aukera emanez, tartean euskara. Eusko Jaurlaritza, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza eta HABE medio arituko da, edizio honetan Galiziako Xuntarekin batera eratu duen stand-ean. Nafarroako Euskarabideak, bere aldetik, stan-a ipiniko du baita ere. Aurreko urteotan bezala, euskara eskolak hartzeko aukera eskainiko du Azokak.

Donostia, Gipuzkoa. Londres eta Pragako hizkuntza azoken ostean, heldua da Berlineko Expolinguaren 21. edizioa. Gaurtik aurrera hiru egunez igandera arte garatuko da. Euskara Eusko Jaurlaritza medio bertaratuko da, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza eta HABEren eskutik. Aurten Galiziako Xuntako Hizkuntza Politikarako Idazkaritza izan du bidaide. Astebururako ekintza sorta antolatu dituzte erakundeok, besteak beste, euskara eta galego eskolak. Ekimen horietako batzuetan parte hartzeko bisita egingo dute gaur Azokara Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak eta Lorea Bilbao Kultura aholkulariak.

Jaurlaritzak prentsa ohar batean adierazi duenez, "Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, HABErekin elkarlanean, Europara bidea hartu ohi du antolatzen diren hizkuntza-azoketan  parte hartzeko. Ekimen horren bidez, euskararen berriak eta jakingaiak zabaltzeaz gain, munduko beste hizkuntzen artean kokatzen laguntzen da euskara. Era berean, kanpoko hizkuntzen esperientzien berri ikasteko aukera guztiz baliagarria da euskara bera ere aberasteko".

"Euskararen berri emateko diren erakustokietan euskararekin zerikusia duten hainbat arlori buruzko informazioa eskaintzen dute, eta aukeratzen diren materialak irizpide edo gai batzuen arabera antolatzen dira: euskararen gaur egungo egoera, araubidea, historia, euskara ikasteko metodo eta tokiak, hiztegiak, gramatikak, euskara irakaskuntzan, komunikabideetan, eta gizarte-alor ezberdinetan, euskara eta teknologia berriak, ikus-entzunezkoak, Euskaltzaindia, euskal literatura, eta abar", bukatzen du oharrak.

Ordezkaritza nafarra

Nafarroatik adierazi denez, bestalde, Xabier Azanza Euskarabidea-ko zuzendari kudeatzailea eta Hezkuntza Departamentuaren mendeko erakunde autonomo horretako zenbait teknikari ere Expolinguara bilduko dira gaur, eta Nafarroako Gobernuak Euskarabideren bidez Azokan zabaldu duen stand-a bisitatuko dute.  Euskarabidearen erakustokiak Nafarroako euskararen egoerari buruzko informazioa emanen du, informazio eskariak artatuko ditu, eta euskarari buruzko dibulgazio materiala eta argitalpenak banatuko ditu, gobernu nafarreko iturrietatik adierazi denez.

Bidaia baliatuz, harreman eta elkarrizketa ugari eginen ditu Azanza buru duen ordezkaritza nafarrak zenbait erakunde alemanetara. Berlingo Unibertsitate Libreko ordezkariekin bilduko da, bertako Hizkuntzalaritza Departamentuak euskara irakasten baitu, eta Berlingo Cervantes Institutuko zuzendariarekin ere bilduko da Azanza.

Lotura interesgarriak

-Expolingua 2008ko webgunea
-Nafarroako Euskarabidea Institutua: www.euskarabidea.es
-Eusko Jaurlaritzaren Euskararen ataria: www.euskara.euskadi.net

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia