euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

SBSAren 29. Urteroko Omenaldi saioa egingo dute bihar San Frantziskon, bertako sei euskaltzale ohoratuz

2008/10/31

Jean Gorostiague eiheralartarra izango da bihar San Frantziskoko euskal komunitateak omenduko duenetako bat (argazkia EuskalKultura.com)
Jean Gorostiague eiheralartarra izango da bihar San Frantziskoko euskal komunitateak omenduko duenetako bat (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Omenaldi eguna daukate bihar San Frantziskon, Ipar Kaliforniako euskal komunitateak bere baitango sei euskaltzale omenduko baititu SBSA (Society of Basque Studies in America) erakundeak duela hogeita zortzi urte antolatzen duen 'Hall of Fame' (Ohorezko izen-galeria) ekitaldia bertan eginez. Anita Arduain, Jean Gorostiague, Jean-Leon Iribarren, Jean-Louis Oçafrain, Frantxua Pedeflous eta Amelie Sorhondo dira ohoratuak. Seietarik, bizirik diren Anita Arduain, Jean Gorostiague eta Jean-Leon Oçafrain egongo dira bertan, Jean-Leon Iribarren, Frantxua Pedeflous eta Amelie Sorhondorentzat hilondoko omenaldia baita.

San Frantzisko, Estatu Batuak. Frantxua Pedeflous uhartegaraztarra hilabete batzuengatik ez da present egon ahal izango, pasa den otsailean hil baitzen, tupustean eta ezustean, izan ere San Frantziskon berean Euskal Etxearen urteurreneko ekitaldietan parte hartu ondoren. Bera eta gainerako bost ohoratuak gizon-emazte ezagutuak dira Ipar Kaliforniako euskal komunitatean.

Anita Arduain, beti San Frantziskoko Basque Cultural Center (SFBCC) barnean lan egiten, antolatzen eta Euskal Etxe horretako batzordeko kide eta urte luzez diruzain gisa. Jean Gorostiague, komunitatean buruzagi, elkarte fundatzaile eta SFBBCeko ohorezko lehendakari gisa. Jean-Leon Iribarren, bere ondokoek segitzen duten euskaldunen aldeko lan ona eginez, bera ere euskal erakundeetako langile eta buruzagi --tartean NABOko lehendakari ere izan zen-- hil zen arte.

Guztia prest larunbaterako

Jean-Leon Oçafrain bankarra euskal etxe barnean eta ohitura, kultura eta pilotaren alde eginiko lanarendako. Frantxua Pedeflous, Kaliforniako euskaldunen eta heien antolakuntzan, San Frantziskon eta Fresnon eginiko lanarendako, baita pilota alorrean ere, tartean Estatu Batuetako Pilota federazioko lehendakari eta langile gisa. Azkenik, baina ez mereximendu aldetik, Amelie Sorhondo irisartarra, San Frantziskoko euskaldunen 'ama' bezala, berak lehenik senarrarekin batera eta gero bakarrik kudeatu zuen Pyrenees ostatua aterpe eta etxe izan baitzen Euskal Herritik etorritako hainbat eta hainbat immigrante gazteentzat.

Ekitaldiak larunbat honetan izango dira South San Frantziskoko Basque Cultural Center-en (599 Railroad Avenue), iluntzeko bost t'erdietatik goiti. Lehenik eta sei t'erdiak arte, elkarrekin bildu eta solasteko tartea heldu da; ondoren, hamarrak arte, afaria eta sarien emate ekitaldia; hamarretatik aurrera, musika eta dantzaldia. Txartelen prezioa, berrogei dolar, haurrek hogeita bost. Informazio gehiago: Christian Iribarren, (650) 588-8100 (egunez), (415) 566-5117 (gauez), edo e-mailez, hona idatziz.

Lotura interesgarriak

2008ko Hall of Fame-ri buruzko orria
Nov 1st Basque Hall of Fame Gala

Society of Basque Studies in America
www.societyofbasquestudiesinamerica.com

San Frantziskoko Basque Cultural Center
www.basqueculturalcenter.com

San Frantziskoko euskal elkarteak
www.sfbasque.org



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia