euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Saxo eta gitarra kontzertua & afari berezia, Lapridako Euskal Etxearen 2023 Elkarrizketa Ziklo arrakastatsuaren itxieran

2023/11/30

Esteban Aguinalde orkestra-zuzendariak eta Ezequiel Ocampo gitarra-joleak Lapridako Lagunen Etxeak antolatutako 2023 Elkarrizketa Zikloaren itxiera arrakastatsua izan zuten
Esteban Aguinalde orkestra-zuzendariak eta Ezequiel Ocampo gitarra-joleak Lapridako Lagunen Etxeak antolatutako 2023 Elkarrizketa Zikloaren itxiera arrakastatsua izan zuten

PUBLIZITATEA

Laprida, Argentina. Lapridako Lagunen Etxeak antolatutako Elkarrizketa Zikloaren azken bilerak amaiera biribila eman dio aurtengoz kultur ekitaldi arrakastatsu honi. “Diskurtsoaren askapenerantz. Heavy metaletik jazzera» izenburupeko topaketak aukera ederra eman zien EEko bi laguni berriro elkartu eta jendaurrean, baina hurbilean, adiskidetasun giroan, solasaldi bat burutzeko. Hitzaldiaren ondoren, eta entzuleeekin izandako solasaldiaren ostean, berbak musikari eman zion lekua eta Esteban Aguinalde orkestra zuzendariak eta Ezequiel Ocampo Lapridako gitarra-jotzaile eta irakasle ezagunak osatutako bikoteak, saxo eta gitarra kontzertu bat eskaini zieten bertaratutakoei.

Ofizio beretsuko bi solaskidek elkarrekin jendaurrean, baina hurbilean, adiskidetasun giroan, aritzea, formatu arrakastatsua izan da, publikoa ere galderagile, ondoren pintxo edo mokasu afari bat partekatzeko

Egiari zor, urtean zehar jendeak gogotsu erantzun dio proposamenari. Elkarteko bazkide eta lagunek topaketa bakoitzaz gozatu dute, baita ondoko afariaz ere. Azken honetarako, zikloaren amaierarako oturuntza berezia prestatu zuen sukaldarien taldeak. 'Txistorra pintxoak' zerbitzatu zituzten, 'Txerria bilbotar erara patata naturalekin', eta postrerako, 'udare tarta' gutiziatua.

EuskalKultura.eus-ekin hizketan, jardueraren koordinatzaile Silvia Azpiazu zinez kontent azaldu da. "Oso zoriontsu eta esker oneko sentitzen gara", adierazi digu. "Elkarrizketa Zikloa, esperientzia gisa, oso ona izan da, arrakastatsua oso” aitortu du. Izan ere, ia astirik galdu gabe, Lapridako Lagunen Etxeko erreferentea hasia da heldu den urteari begira, hurrengo zikloko gonbidatuak eta gaiak zeintzuk izan daitezkeen pentsatzen.

Jaia Olentzero eta Mari Domingirekin

Baina oraindik ere geratzen dira gauzak urtea bukatu aurretik. Hala nola Euskal Etxearen urteurrena bera, abenduaren 3an betetzen baita, eta festa eder batez ospatuko dute. Izan ere, Gabonak gertu daudela iragarriz, Lagunen Etxearen 34 urteko festako gonbidatuen artean Olentzero eta Mari Domingi bera egongo dira. Eta ekitaldian, dantzari txikien taldeak, Andrea Bordacahar irakaslearen eskutik, euskal dantzen urteko tailerraren amaierako erakustaldia eskainiko du, umeen partaidetza medio gauari xalotasun eta samurtasun ukitu ederra emanez.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia