euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Saturraran argitaletxeak sarean jarri du euskal erbesteari buruzko liburu eta argitalpen bildumaren katalogoa

2007/11/20

Saturraran argitaletxearen webgunearen portada
Saturraran argitaletxearen webgunearen portada

PUBLIZITATEA

Donostiako Saturraran Argitaletxeak interneten jarri du bere publikazioen katalogoa. Liburu gehienek euskal erbestea eta erbesteratuen lana dute gai nagusi. Halaber, katalogo bera paperezko formatoan ere argitaratu du argitaletxeak. Webgunearen helburu nagusia Saturraranek argitaratutako lanen berri hedatzea eta mundu osoko irakurleei eskuratzeko bideak erraztea izan da.
Katalogoak hemeretzi liburu baitaratzen ditu eta beste biren iragarpena egiten du. Liburu multzoa hiru bildumatan dago antolatua. Lehenengoak 'Kritika Bilduma' izena hartzen du eta, izenak dioen gisan, kritika literarioari buruzko lanek osatzen dute. Bigarrena, 'Euskal Erbestearen Bilduma' atala da. Bertan erbesteko pertsonalitate esanguratsuen lanak jasotzen dira, emaitza horien berreskuratze eta berrargitaratze lana eginez: hor argitaratu dira, besteak beste, Cecilia García de Guilarte, Justo Garate, Eduardo Ugarte, Cástor Narvarte eta Ildefonso Gurrutxagaren lanak.

Hirugarren atala 'Aktak' bilduma da. Atal honetan Hamaika Bide Elkarteak antolatutako Erbesteari buruzko batzarretan aurkeztu diren ponentziak jasotzen dira: '60 urte geroago', Martin Ugalde, Eugenio Imaz, erbesteko seme-alabak, erbestean euskaraz eginiko lanak, Jose Antonio Agirre… Bilduma honi dagokio momentuz argitaletxearen azken liburua dena, 'Non zeuden emakumeak. La mujer vasca en el exilio de 1936'.

Datozen asteetan izenburu berriak agertuko dira: 'Erbestea eta Unibertsitatea' liburua, eta joan den urrian burutu zen azken Batzarraren aktak, 'Erbestea: Historia eta kulturarako debatea'. Azken batzar honen originaltasuna terminologiari buruzko eztabaidarekin batera, 1936ko gerra aurreko erbestealdien ikerketari ekitea izan da.

Zortzi urteko lanaren emaitza

Ekimen gaztea da Saturraran Argitaletxea baina hala ere dituen zortzi urteetan lan asko plazaratu ditu. 'Liburuok zirkuitu komertzialetatik erabat kanpo dauden arren, gure historia garaikidearen arlo asko argitzeko ezinbestekoak izan daitezke. Oso diru laguntza urriekin benetan handizaleak diren epe laburreko zein epe luzeko helburuak planteatu ditu argitaletxeak', diote bere baitandik. Arduradunek jakin badakite argitalpenok 'best seller zerrendatik at egongo direla beti baina badakite baita ere ikerketa hauek orain egiten ez badira, testu eta testigantza asko eta asko betirako galtzeko arriskuan daudela'. Saturraran Argitaletxeko arduradunen aburuz 'euskal erbesteetako ondare hori behar-beharrezko izan daiteke gure une historikoa eta etorkizuna ulertzeko eta bideratzeko'.


Lotura interesgarriak

Saturraran argitaletxearen webgune eta katalogo berria
www.editorialsaturraran.com Erbesteari buruzko 8. Mintegia, Hamaika Bidek antolatua
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko urriaren 23an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia