euskal diaspora eta kultura
2008/06/13
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastián. Hamaika Bide elkartearen VII. Nazioarteko Kongresua abenduaren 13tik 15era egin zen Donostiako Deustuko Unibertsitatearen egoitzan eta herrialde desberdinetako aditu eta ikerlariak bildu zituen. Mintegiaren helburua euskal eta iberiar penintsulako erbesteratuek Diasporako unibertsitateetan izan zuten eragina eta ekarpena aztertzea izan zen. Orain Hamaika Bidek bilkura hartako aktak argitara eman ditu, bertara etorri ezin izan zutenei mintegian aurkezturiko lanak eskuratzeko aukera emanez. Guztira hirurogeitamar lan inguru biltzen ditu liburuak.
Arduradunek azaltzen dutenez, liburu hau arlo honetan egin beharreko ikerketa sakonaren lehen pausu bat baino ez da. 'Euskal Herria eta euskal kultura zinezko errenazimendu bat bizitzen ari ziren garai haietan. Etorkizuna argia eta esperantzagarria zen. Euskara eta euskal historiaren mundua bor-bor ari zen. Itxaropide guzti hauek gudak birrindu zituen. Frankismoak kultur proiektu aberats eta indartsuaren gorpuztea dinamitatu egin zuen', azaltzen dute. 'Gure nortasun eta historia berreskuratzeko garai ilun eta ahaztu hau sakonean aztertu behar dugu'.
Erbesteko ahotsak
Liburuaren ia 70 lanak sei ataletan banatu dituzte antolatzaileek. Lehenak 'Voces del exilio' izenburua du eta guda eta erbestean unibertsitatean lan egin zuten irakasleek lekukotasun zuzenak dira: José María Bengoa, Carlos Blanco Aguinaga, Cástor Narvarte eta Federico Álvarez. Donostiako mintegian pentsalari eta ikerlari hauek omenaldi hunkigarria jaso zuten. Bigarren atala 'La universidad vasca en el exilio' da, eta bertan euskaraz idatzitako sei lan biltzen dira, guda aurretik eta ostean Euskal Herriko unibertsiteetako errealitatea aztertzen dutenak.
Hirugarren atalak 'Humanismo y exilio vasco' izenburua du eta Diasporan jardun duten euskal irakaslei buruzko hamasei lan biltzen ditu. Hurrengo atala 'Exilio y ciencias históricas' da, bertan zuzenbide eta soziologia historikoari buruzko hamalau lan jaso dira. Bosgarren atalak 'Exilio y creación' izena du eta Literatura eta Arte Ederrei buruzko hamazazpi lan biltzen dira bertan. Azkeneko atala 'Exilio y pedagogía' da eta hemen erbestean egin ziren hezkuntza eredu eta saiakerak aztertzen dira.
Informazio gehiago Hamaika Bide Elkartearen webgunean.PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus