euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

“Saskibaloian jokatzeko itzuli nahi dut Euskal Herrira baina ez litzaidake axolako Ameriketan bizitzea”

2016/02/10

Gutxi jokatuta ere, Portland-en asko ikasi duela adierazi du Zubizarretak; edozelan ere, gusturago dago Idaho-ko Yotes taldean duen rolarekin (Argazkia: A.Z.)
Gutxi jokatuta ere, Portland-en asko ikasi duela adierazi du Zubizarretak; edozelan ere, gusturago dago Idaho-ko Yotes taldean duen rolarekin (Argazkia: A.Z.)

PUBLIZITATEA

Estatu Batuetan, Aitor Zubizarreta (Azpeitia, 1995) hautatu zuten, aurreko astean, unibertsitate arteko 'Cascade' saskibaloi ligako Asteko Jokalari. 45 puntu egin zituen partida bakar batean eta, horri esker ere, College of Idaho-ko historiako bosgarren anotatzaile onena bihurtu da. Portland-en (Oregon) bi urte gogor igaro ostean, Caldwell-en (Idaho) bizi da orain: “Oso zaila izan zen niretzat, baina orain gustura nabil. Berriz ere jokalari inportatea izaten ari naiz taldean”, esan dio EuskalKultura.com-i.

Ander Egiluz Beramendi/AEB. Hogeita bat urte ditu Zubizarretak, ez da umea. Baina pozgarria da, berarekin hitz eginda, antzematen zaion heldutasuna. “Lehenengo ikasketak; eta, gero, saskibaloia”, dio. Etxean ikusitakoa errepikatzen duela aitortu du, baina bere ibilbideari, erabakiei eta hitzei so, argi dago kantxan soilik ez, egunerokotasunean ere pauso sendoz mugitzen dela. Enpresa ikasketak egiten ari da College of Idaho-n, unibertsitate horretako Yotes saskibaloi zaleen gorazarre-uluak eragiten dituen bitartean.

Aurreko astean 'Cascade Player of the Week' izendatu zintuzten. Zorionak!

-Eskerrik asko. Cascade gure konferentziaren (ligaren) izena da eta, astero, jokalari onena aukeratzen dute. 23 puntu sartu nituen partida batean eta, hurrengoan, 45. Unibertsitateko historiako anotatzaile onenen artean bosgarren geratu naiz horregatik. Horren ostean esan zidaten player of the week nintzela, asteko jokalaria.

Gorantz doa zure kirol ibilbidea...

- Hori ematen du. Apurka apurka.

2013an etorri zinen AEBetara, unibertsitate mailako saskibaloi ligan jokatzera. Portland-eko Pilots taldean hasi zinen, baina zail xamarrak izan ziren urte bi horiek, ezta?

-Ez ziren errazak izan. Nirekin batera, beste base bat ere zegoelako taldean, Alec Wintering. Lagun handiak ginen, nirekin bizi zen, baina bigarren urtean taldeko kapitaina bera zen eta oso zaila bilakatu zen niretzat. Kontua da kontratua sinatu nuenean ez nuela talde barruko konpetentzian pentsatu, eta jokatzeko oso minutu gutxi izan nituen. Hobetzen nengoen, gustura nengoen, eta hala zegoen entrenatzailea ere, baina lau urteko kontratua sinatu nuenez, beste talde batera joatea erabaki nuenean baimena eskatu behar izan nuen eta, hasieran, ezezkoa eman zidaten.

Eric Reveno zenuen Portland-en entrenatzaile. Bera izan zen AEBetara ekarri zintuena.

-Azpeitiako Iraurgi Saskibaloi Taldean nengoen jokatzen eta, behin batxilergoa bukatuta, Euskal Herrian oso zaila da ikasketak egin eta maila bateko saskibaloian jokatzen jarraitzea. Une hartan esan zidaten AEBetan bazegoela ikasketak eta kirola batzeko aukera. Garrantzitsua zen hori niretzat, etxean adibide ona izan dudalako. Lehenengo ikasketak eta, gero, saskibaloia. Gauza biak egin ahal izateko etorri nintzen hona.

Hainbat eskaintzaren artean, zergatik erabaki zenuen Portland-era joatea?

-Lau unibertsitate desberdinekin hitz egin nuen. Denekin, aste bukaeratan eta Skype edo telefono bidez. Baina Eric, Portland-eko entrenatzailea, Azpeitira etorri zen ni komentzitzera. Egun pasa egin zuen eta ni Portland-era joateko txartela ere erosi zidan, hangoa erakusteko. Ameriketara etorri nintzen eta bertan sinatu nuen kontratua, orduan.

Hasiera ona izan zen, baina aldaketa behar zenuela erabaki zenuen eta, Portland atzean lagata, bazenituen aurrean hamar bat aukera. Zer zuen Idaho-ko Yotes-en eskaintzak berezi?

-Portland-en eskaintza berdin zen. Dena ordaintzen zidaten. Nik pagatu behar nuen gauza bakarra etxera joateko txartela zen. Gainera, entrenatzailea (Scott Garson), nahiz eta gaztea izan, oso talde onetan ibilitakoa da eta oso lan ona egin du. UCLAn laguntzaile, Pepperdine-n, Utah-n, Minnesota-n... Bertan fitxatu zuen berak Zach LaVine, adibidez. Eta Scott ere Portland-era etorri zen, nirekin hitz egitera, Eric-ek egin zuen bezala.

Zure hurrengo urratsa zein izango den badakizu?

-Orain gustura nabil hemen jokatzen. Berriz ere jokalari inportantea izaten ari naiz taldean, minutu inportanteetan daukat baloia, ardura handiko azken minutuetan, erabakiak hartzen. Akatsak egiten ditut batzuetan, baina horrela ikasten dut gehien. Ameriketan beste urtebete geratzen zait eta, gero, etxera itzuli nahiko nuke, saskibaloian jokatu ahal izateko. Baina, behin bukatuta, ez litzaidake axolako Ameriketan bizitzea.

Saskibaloian Euskal Herrira eta, bizitzera, AEBetara. Herriminik ez duzu sentituko?


-(Barre egin du) Herrimina karnabaletan, lagunak sokamuturran dabiltzanean... Udan beti joaten naiz hara eta saskibaloian jokatuko dut ere, ea Euskadiko selekzioarekin jokatu ahal dudan, Pablo Laso entrenatzailearekin. Oso ona da.

Tira, herrimina kentzeko AEBetako leku nahiko aproposean zaude. Euskal diaspora oso present dago Boise-n.

- Harrituta gelditu nintzen, hona etorrita, Facebook-en jaso nituen mezu guztiekin. Familia euskalduna zuela batak eta, bestea, partida ikustera joan zela. Partidetan ere argazkiak egin nahi dituzte nirekin. Gainera kaixo esanez agurtzen didate, oso polita da hori. Benetan gustura nago hemen.

*Aitor Zubizarretaren bideo hauek (bat eta bi) arrakasta izaten ari dira interneten
 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia