euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Saski Naski' liburua aurkeztu da eta Dora Scarcellak Gaztemunduko bere esperientzia azaldu du Pehuajon

2011/12/26

Hilda Gorri Arrese berak idatzitako 'Saski Naski' liburua aurkezterakoan Etxe Alai euskal etxe pehuajotarrean (argazkia EE)
Hilda Gorri Arrese berak idatzitako 'Saski Naski' liburua aurkezterakoan Etxe Alai euskal etxe pehuajotarrean (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Bertako euskal bizitzan garrantzizkoak izan diren bi ekintza gauzatu dira abenduan Buenos Aires probintziako Pehuajoko Etxe Alai euskal etxean. Batetik, erakundeko batzordekide den Hilda Gorri Arresek euskal kulturari buruzko 'Saski Naski' liburua aurkeztu du elkartearen egoitzan. Bestetik, eta aipatu liburuaren aurkezpenaren ondoren, Dora Mercedes Scarcella Mignaburu lizentziatuak Euskal Herrian, 2011ko Gaztemundu Bekan bizi izandakoak konpartitu zituen Etxe Alaira bildutako lagunekin. Hitzaldiak bukatuta, pintxoak eta edariak partekatu zituzten.

Pehuajo, Argentina. Urte luze bateko lana da Hilda Gorri Arresek aurkeztu zuena joan den abenduaren 17an Etxe Alai euskal etxean. Egilearen esanetan, 'Saski Naski' liburuan, Euskal Herriko kultur arloko hainbat gai plazaratzen dira, era didaktiko eta sistematiko batean. Lanaren bigarren zatian, berriz, Pehuajon kokatu eta bizi izan diren euskaldunentzako omenaldia proposatzen du idazleak, argazki, istorio eta pasadizoen bidez.

“Euskal Herritik Pehuajora bizitzera etorritako euskaldunak eskuzabalak izan ziren oso. Euren jaioterria maite zuten eta horren aztarna sakona utzi zuten herri honetan. Euren onena eman zioten hartu zituen komunitateari. Gaur, etorkin haien seme-alaba, biloba eta birbilobak harro daude beren euskal jatorri eta abizenez, zintzotasunaren, izaera langilearen eta leialtasunaren adierazgarri direlako”, adierazi digu aurkezpenean egon zen Magdalena Mignaburu, euskal etxeko kideak.

Dora Mercedes Scarcella Mignaburu 2011 011

[Argazki eta irudiak lagun, Dora Mercedes Scarcella Mignaburuk Euskal Herrian, Gaztemundu 2011eko partaide gisa iragan urri-azaroan bizi izan duen esperientziaren lekukotasuna eman zuen (argazkia EE)]

Saio berean eta liburuaren aurkezpenaren ondotik, Dora Mercedes Scarcella Mignaburuk Gaztemundu programan eta Euskal Gizataldeen 5. Mundu-Batzarrean izandako esperientziak kontatu zizkion bildutako jendeari. Bere hitzaldian, Eusko Jaurlaritzak Diasporari begira garatzen dituen politiken xehetasunak azaldu zituen euskal etxeko kide den gazteak. Euskadiko gobernuaren planez eta proiektuez ere mintzatu zen Scarcella Mignaburu.

Mintzaldia bukatzean, publikoak galdera sorta egin zion Gaztemunduko parte hartzaileari. Galderek eta lagunen arteko hitzaldiak animatu zituzten euskal etxeko lagunak etorkizunari begirako proposamenak konpartitzera. Gauari amaiera emateko, antolatzaileek pintxo eta edariak eskaini zizkieten bildutakoei. Geroaren aldeko topa ere egin zuten eta ekitaldia ordu txikiak arte luzatu zen, giro ederrean. 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia