Bartzelonako Pol-en Edicions argitaletxea Joseba Sarrionandiaren ‘Hilda dago poesia?’ (Es morta la poesia? izenburu katalanez) olerki bilduma katalaneratu eta argitaratzeko lanetan ari da eta laguntza behar du proiektua bururatzeko. Izan ere, kanpaina bat jarri du abian karia horretara Verkami izeneko Crowdfunding plataforman. Pol-en Edicions argitaletxe kooperatibo eta independentea da eta lan ildo polita darama euskal literaturako obrak katalan irakurleei euren hizkuntzan ematen.
Bartzelona, Katalunia. Katalunia eta Euskal Herriko bi argitaletxe ari dira proiektuan, Pamiela (Iruñea) eta Pol-en Edicions (Bartzelona), bat eginda berriro ere Joseba Sarrionandiaren liburu bat katalanez argitaratzeko. Oraingo honetan idazle bizkaitarrak berak egin du bere poemen aukeraketa Hilda dago poesia?-ren euskara-katalana edizio elebidunean plazaratzeko.
És morta la poesia? (Hilda dago poesia) antologiak ehunda hamabi olerki izango ditu, hamaika ataletan sailkatuta. Itzulpenaren ardura Ainara Munt Ojangurenena da eta edizio lanaz Victor Sunyol poeta arduratuko da. Argitaletxe kataluniarren liburu guztiak bezala, ekoedizio baldintzapean argitaratuko da.
Ekimena gauzatu ahal izateko “mikro-laguntza” kanpaina bat hasi dute lagun katalanek Verkami Crowdfunding plataforman. (Plataforman sartzeko, egizu klik hemen). Laguntza era solidarioan egin daiteke eta sariak ere jaso ahal dira laguntzaren truke, besteak beste, Joseba Sarrionandiaren liburuak.
Pol-en Edicions argitaletxe kooperatibo eta independentea da, pentsamendu kritikoan espezializatua. 2012tik aurrera urtero kaleratzen du euskal literaturako liburu bat katalanez, Iruñeko Pamiela argitaletxearekin batera. Proiektu honen barruan Sarrionandiaren beste bi liburu plazaratu dituzte dagoeneko: Som com moros dins la boira? (Moroak gara behelaino artean?) eta Jo no sóc daquí (Ni ez naiz hemengoa). És morta la poesia? liburuaren aurkezpena urrirako iragartzen da.
[Joseba Sarrionandiaren olerki ugari daude musikalizatuta. Bideoan, Sarrionandia euskaraz eta katalanez]