euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Iker Ortiz de Zarate gasteiztarrak 'De profundis' Wilde-ren bakarrizketa taularatuko du etzi New Yorken

2011/03/10

Iker Ortiz de Zarate aktorea
Iker Ortiz de Zarate aktorea

PUBLIZITATEA

Iker Ortiz de Zarate aktoreak ikusmina piztu du etzi New Yorkeko Cervantes Institutuan egingo duen emanaldiarekin. Gasteiztarrak Oscar Wildek homosexualitate delituagatik gartzelaratu zutenenean bere maitaleari idatzitako gutunean oinarritutako bakarrizketa antzeztuko du, gazteleraz ('De profundis' izenarekin argitaratu zuten gutuna). Ortiz de Zaratek joan den irailean aurkeztu zuen lehen aldiz bakarrizketa hau Gasteizen, Ortzai Antzerki Laborategiarekin. Han ere arrakasta izan zuen lanak eta emanaldietarako sarrerak agortu egin ziren. "Testu izugarria, ederra, samina eta itxaropentsua da aldi berean", dio aktore gasteiztarrak.

New York, AEB.  Iker Ortiz de Zarate gasteiztarrak Oscar Wilde-n 'De profundis' bakarrizketa antzeztuko du etzi New Yorkeko Cervantes Institutuaren egoitzan. Antzezlanak gutun bat du oinarri, Wildek Lord Alfred Douglas maitaleari idatzi zion gutuna, Readingeko gartzelatik 1897an. Bi urte eman zituen bertan Wildek, homosexualitate eta sodomia delituengatik eta gartzelaldia hain izan zen gogorra betirako aldatu zuela Wilden izaera eta osasuna. Gutuna idazle irlandarraren heriotzaren ondoren argitaratu zuten (bertsio laburtu bat baino ez), eta idazki osoa 1960a arte ezin izan zuten plazaratu.

"Wilde idazle magikoa da eta nire haurtzaroan eragin handia izan zuen 'Printze zoriontsua' bezalako ipuinekin. 'De profundis' hausnarketa pertsonal bat da, fikzionatu gabea, bere bizitzari buruz, maitasunari buruz, itxurakeriari buruz, gorenena eta makurrenari buruz...", azaldu dio Ortiz de Zaratek EuskalKultura.com-i. "Eta, edozein antzezpen zaila bada, honek erronka bereziak sortzen ditu; prestakuntzan beldurra sentiarazi didatenak, eta, antzezpenean, ohi baino erantzukizun handiagoa". 

Sarrerak agortuta

Ortiz de Zaratek iragan irailean aurkeztu zuen antzezlana Gasteizen, arrakasta handiz. Hamabost emankizun egin ostean (askotan sarrerak agortuta, gainera), abenduan berriz ere taularatu egin behar izan zuten bakarrizketa. "Erantzuna berealdikoa da beti eta soberan ordaintzen du antzezlanak suposatzen duen ahalegina (handia)", baieztatzen du aktoreak. Ikuskizuna Euskal Dantza eta Antzerki Konpainiaren eta Ortzai Antzerki Laborategiaren lana da.

New Yorkeko emanaldia larunbatean Cervantes Institutuaren egoitzan (211-215 East 49th Street) izango da, arratsaldeko lauetan. Sarrera doan da eta emankizuna gaztelania hutsean egingo da. "Momentuz, New Yorkeko Cervanteseko emanaldi hau bakarrik dago konfirmatuta, baina badakit proiektuaren zuzendari artistikoa, Isabel Irigoyen, eta AEBetako arduraduna, Deborah Berman-Shaw, beste emanaldi batzuk konfirmatzeko zain daudela".



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia