Biarritze, Lapurdi. Angelun bizi den Carlos Portella Nunes brasildarra zuzendari, Kepa Etchandyren bidaia bat kontatzen du 'Gaucho Basko' filmak; honek Rio de la Platara emigraturiko bere familiaren urratsak segituz, Argentinara eraman zuen bidaiaz Etchandyk berak Baskultur buletinari azaldu dionez, “Ibilbideak kutxa zahar bat du abiapuntu, kutxa horretan gordeta baitzegoen osaba zahar baten eskutitz bat, 1927koa, eta gutunarekin batera familiaren argazki bat, seme-alaba askorekin”.
“Ordura arte, gure aitak Uruguain bilatzen zituen Hego Amerikara emigratu zuen familiaren arrastoak”, azaltzen du argazkilariak; “baina eskutitz hura Miramar herri argentinarretik zetorren eta berehala jarri nintzen kontaktuan Argentinako Kontsulatuarekin”. Kontsulatuaren erantzuna eta material berria eskuan, bere familia bisitatu zuen 2003an. Bertan sortu zen Argentinan euskal jatorrizko jendeari buruzko erreportaje hau egiteko ideia”.
52 minutuetan, Pampa Hezeko hainbat paisaia eta ohitura batzen ditu dokumentalak euskal gizataldearentzat oso adierazgarria diren gauzekin. Etchandyk eta Portella Nunes zuzendariak Buenos Aireseko Laurak Bat bisitatu zuten, Mikel Ezkerrorekin bildu dira eta General Las Heras herrian, bertako Euskal Etxeko lehendakari Luis A. Echegarayk ingurua erakutsi zien.
[Carlos Portella Nunes, Angelun bizi den zuzendari brasildarraren 'Gaucho Basko' pelikularen trailerra]
‘Gaucho Basko’ asteazken honetan, irailaren 30ean, proiektatuko da, arratsaldeko 7:30etan (bertako ordutegia) eta, egileen bozkario, sarrerak agortuta daude. Emanaldia Biarritzeko Kasinoan izango da, Amérique Latine Biarritzeko Zinemaldiaren 29. edizioan.