euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sarmiento Liburutegiak bat egin du Askatasunaren Bidea elkartearen 8. urtebetetzearekin, diploma bat emanez

2017/06/29

Askatasunaren Bidea Euskal Elkarteak 8 urte bete ditu eta Sarmiento Liburutegiko lagunen errekonozimenua jaso zuen
Askatasunaren Bidea Euskal Elkarteak 8 urte bete ditu eta Sarmiento Liburutegiko lagunen errekonozimenua jaso zuen

PUBLIZITATEA

Buenos Aires probintziako San Miguel hiriko Askatasunaren Bidea euskal elkarteak 8 urte bete ditu aurten eta joan den larunbatean ospatu du, euskal zinea proiektatuz. Filma bukatuta, elkarteko kideak eta bertaratutako lagunak elkarrekin topa egitera gonbidatu zituen San Miguelgo Sarmiento Liburutegian eginiko ekitaldian. Brindisean, Liburutegiko zuzendariak errekonozimendu bat eskuratu zion taldeari euskal kulturaren alde egiten duen lanagatik.

 

San Miguel, Argentina. Askatasunaren Bidearen urteurren eguna ekainaren 21ean izan zen eta elkartearen sortzaileak --esan nahi baita Maria Jesus Andresek, Mariana Fernandez Castellik, Nestor Fernandezek, Cesar Mohr-ek eta Horacio Marotto Etcheçaharrek-- aste horretako larunbatean, 24an, antolatu zuten ospakizuna.

Ekitaldiak bi zati izan zituen: iluntzeko 7etan, elkarteak antolatzen duen Euskal Zine Zikloaren hogeita bigarren emanaldia egin zen eta, bere baitan, Telmo Esnalen Urte berri on, amona filma proiektatu zen. Ohikoa den legez, Carlos Gabilondo arduratu zen proiekzioaz eta pelikula osteko eztabaidaz.

Emanaldiaren ondotik, topa egin zuten Askatasunaren Bidea-ko kideek bildutako lagunekin. Ekitaldian, baina, opari esanguratsu bat jaso zuten euskal elkarteko kideek, elkarteak antolatzen dituen ekintza gehienen egoitza den Domingo Faustino Sarmiento Herri Liburutegiaren aldetik. Liburutegiko zuzendari Cristina Moreno Verak diploma bat eskuratu zion taldeari “zortzi urte hauetan kulturaren alde egindako lanagatik eta eskualdean euskaldunen balioak mantentzeagatik”. Errekonozimendu agiria Liburutegiaren Lagunen Elkarteko ordezkaria den Alma Quirogak ere sinatu zuen.

Azpimarratu behar da Liburutegiak elkarteari uzten dion tokian euskararen irakaskuntza eta euskal kulturaren zabalkunde lana egiten dela. Izan ere, bertan eskaintzen dira euskara klase eta tailerrak. Eta euskal gaiei buruzko liburuak ere Liburutegira bideratu ditu Askatasunaren Bideak.

Bilera berean, Askatasunaren Bidea-ko arduradunek opari bat eman zioten Euskal Zine Ibiltariaren arduraduna den Carlos Gabilondori, Kubako Habanako Euskal Etxeari helaraz diezaion. Gogora dezagun Asociación Vasco Navarra de Beneficencia izenpean sortutako Kubako Euskal Etxeak 140 urte beteko dituela datorren hilabetean eta Carlos Gabilondo bertara joango dela, programak biltzen dituen euskal zine emanaldiez arduratzeko.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia