euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sari esanguratsua eman dio 8. urtebetetzea ospatzen ari zen Gral. Rodríguez-eko EEari Buenos Aireseko Senatuak

2007/11/26

Eusko Aterpearen zortzigarren urtebetetzea ospatzeko ekitaldia egin zen aretoko ikuspegia
Eusko Aterpearen zortzigarren urtebetetzea ospatzeko ekitaldia egin zen aretoko ikuspegia

PUBLIZITATEA

Eusko Aterpea euskal etxeak bazkari bikain batez ospatu zuen joan den azaroaren 18an bere zortzigarren urteurrena. 120 bat bazkide eta lagun bildu ziren karia hortara Gral. Rodriguez-eko Pentsiodun eta Erretiratuen Elkartearen egoitzan. Bertara agertu ziren Marcelo Coronel alkatea eta bere emazte Adelma Arguissain senadore probintziala. Izan ere, hautetsi bikoteak Juan Itcea Euskal Etxeko lehendakariari eta Francisca, "Kika" Vicente andere zuzendaritza batzordekide eta liburuzainari eskuz esku eman zieten, Buenos Aires probintziako Senatuaren izenean, 4.000 pesoko txeke bat, Euskal Etxeak, nonbait, bere egoitzaren eraikuntza lanetarako lagungarri erabiliko duena.
Eusko Aterpea-ko bazkide eta lagunez aparte, beste euskal etxe batzuetatik ere jende ugari bildu zen urtebetetzea Gral. Rodriguez-eko lagunekin ospatzera , tartean, Lujan, Pilar, Jose C. Paz, Cañuelas eta Las Heras-etik. Ekitaldia eguerdiko ordu batean hasi zen. Pierino Matera bazkidea bandera argentinarra soinean eta Ana Laura Itcea andereak ikurriña sartu ziren, Txikien Euskera Tailerreko ikasleekin batera. Ondoren, Argentinako Ereserki Nazionala eta Gernikako Arbola abestu eta gero, asado criollo famatuaz dastatzeko unea iritsi zitzaien bertaratutakoei.

Bazkariaren amaiera aldera ailegatu zen momentu ezohiko bat, Gral. Rodriguez-eko Marcelo Coronel alkatea bere emazte Adelma Arguissain senadore probintziala iritsi zirenean. Izan ere, hautetsi bikoteak euskal etxeko lehendakari Juan Itcea eta Francisca "Kika" Vicente andere zuzendaritza batzordekide eta liburuzainari 4.000 pesoko txeke bat eman zieten Senatu Probintzialaren izenean, dohaintza legez, Euskal Etxean euren egoitzaren eraikuntza lanetarako erabiliko dutena, bertako lehendakariorde Raul Tarettok EuskalKultura.com-i adierazi donez. Zuzendaritza batzordeko kideek eskerrak eman zizkieten hautetsiei, diru-laguntza hau lortzeko egindako bitartekari lanagatik eta lore sortak banatu zizkieten.

Alkatea eta senadorea, eta 'adreilu operazioa'

Mahaiburuko edo postreetara iritsita, bestelako ekintzen txanda heldu zen. Pilar hiriko Oscar Iribarren eta Pierino Matera soinujoleen emanaldia, esaterako, doinu ezagunez entzulegoa alaituz. Arratsaldea aurrera joan ahala, "zerriaren" zozketa tradizionalaren unea iritsi zen, Jorge Gil-ek eta Daniel Rey-k prestatutako zerri errea hain zuzen.

[Pierino Matera eta Oscar Iribarren soinujoleek jotako piezek alegrantzia eta erritmoa ekarri zioten ekitaldiari. Jendeak gustura segitu zituen euren aireak. Baita ere egunaren bixigarri antolatutako zozketak-eta]

Amaitzeko, Euskal Etxeko lehendakariak lankidetza eskatu zuen, ekonomikoa hain zuzen ere, Mitre 370eko egoitzean horma edo murru banatzaile bat eraikitzeko. Nahi duenak dohaitza egin dezake, metro bat adreilu-hesia edo gehiago emanez, kontutan hartuz dirutan 50 peso direla murru metro bakoitzeko. Emaileen oroigarri, beraien izena emendatuko zaio bertan ezarriko den plaka bati. Gogoratu zitzaien bildutakoei, azkenik, abenduaren lehenean Euskararen Eguna ospatuko duela Euskal Etxeak eta, beraz, horretarako deialdia zabaldu zen. Berba guztien ondotik, eta 'osasuna' hitza aho batez oihukatuz, topa egin zuten bertaratutakoek, sagardoz.


Lotura interesgarriak

Saria eman diote Francisca Vicente Eusko Aterpea-ko liburuzainari
2007ko azaroaren 5ean EuskalKultura.com-en argitara emana

Malvinetako gerlari ohien hitzaldia Eusko Aterpean
2007ko abuztuaren 27an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia