euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Etxeparek sarean argitaratu ditu euskal literaturari buruzko bi antologia eta "Katu jendea" ipuina (hirueletan)

2013/02/19

Juan Kruz Igerabide, Mari Jose Olaziregi, Aizpea Goenaga, Enkarni Genua eta Jone Arroitajauregi, aurkezpenean (argazkia Etxepare)
Juan Kruz Igerabide, Mari Jose Olaziregi, Aizpea Goenaga, Enkarni Genua eta Jone Arroitajauregi, aurkezpenean (argazkia Etxepare)

PUBLIZITATEA

Etxepare Euskal Institutuak hiru argitalpen aurkeztu zituen atzo prentsaurrean eta gaurtik aurrera eskuragarri jarriko ditu bere webgunean, PDF formatuan. Batetik, Euskal Antologiak Saileko lehen bi aleak, biak ere hirueledunak (euskara, gaztelania, ingelesa): Mikel Ayerberen "Euskal narratiba garaikidea: katalogo bat" eta Jone Arrotajairegik idatzitako "Egungo haur eta gazte literatura: katalogo bat". Bestetik, Eider Rodriguezen "Katu Jendea" ipuina, euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, nederlanderaz eta alemanez Euskal Sortzaileak Sailaren baitan.

Donostia-San Sebastián. Etxepare Euskal Institutuak plazaratu berri dituen hiru argitalpen aurkeztu zituen atzo: batetik, Euskal Antologiak Saileko lehen bi aleak, "Euskal narratiba garaikidea: katalogo bat" eta "Egungo haur eta gazte literatura: katalogo bat"; eta, bestetik, Eider Rodriguezen "Katu Jendea" ipuina, Euskal Sortzaileak Sailaren baitan.

Aurkezpenean izan ziren Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria, Mari Jose Olaziregi Euskararen Hedapenerako zuzendaria, Jone Arroitajauregi antologoa, Juan Kruz Igerabide eta Enkarni Genua idazleak eta Arantzazu Royo itzultzailea eta EIZIEko idazkari teknikoa izan dira prentsaurrekoan.

Narratiba eta haur literatura

Euskal Antologiak Sailaren helburua euskal literatura nazioartean ezagutzera ematea da eta, hori dela eta, sail honetako lanak hirueletan argitaratuko dira eta Etxepareren webgunean izango dira eskuragarri. Atzo aurkeztu ziren bi tituluetaz gain --narratibako antologia eta haur eta gazte literaturari buruzkoa-- beste bi ere izango ditu aurki: Lourdes Otaegi atontzen ari den poesia antologia eta Xabi Payak prestatutako ahozko literaturako antologia.

 antologian 25 euskal narratzaile garaikideri buruzko datuak aurkituko dirtu irakurleak. Bertan Mikel Ayerbek egile bakoitzaren soslai bio-bibliografikoa, sariak, itzulpenak, egilearen ezaugarri literarioen azalpen laburra eta testu laginak eskaintzen ditu.

"Euskal narratiba garaikidea: katalogo bat" liburua PDF formatoan deskargatzeko jo hona.

"Egungo haur eta gazte literatura: katalogo bat" antologiak, bestalde, 12 idazle bildu ditu Jone Arroitajauregik, guztiak 70. hamarkadatik aurrerakoak. Aurkezpenean euskal haur eta gazte literaturaren idazleek mundu mailan duten garrantzia azpimarratu zuen egileak eta produkzio mailan ere pisu handia duela gogoratu zuen: 2011. urtean euskaraz argitaratutako liburuen %28a haur eta gazte literatura zen; helduena %13a baino ez zen izan.

"Egungo haur eta gazte literatura: katalogo bat" liburua PDF formatoan deskargatzeko, jo hona.

Katu jendea

Azkenik, Etxepare Euskal Institutuaren Euskal Sortzaileak Saila bildumaren hirugarren alea aurkeztu zuen ere, Eider Rodriguezen "Katu Jendea" ipuina. Liburua euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, nederlanderaz eta alemanez argitaratu da. Itzulpenk EIZIEk 2012ko urrian, Institutuaren babesarekin eta Paueko UPPA unibertsitatearekin lankidetzan Idazlea itzultzaileen lantegian ekimenaren emaitza dira.

"Katu jendea" PDF formatoan deskargatzeko, jo hona.

Sail honetako beste bi argitalpenak Bernardo Atxagaren "Borrokaria" eta Anjel Lertxundiren "Non omnis moriar".

EUSKAL OLERKARIAK DUBLINEN

Bestalde, Etxepare Institutuak datozen hilabeteetan egingo dituen hainbat ekimen iragarri zituen atzoko prentsaurrekoan. Esaterako, hil honen hondarrean Itxaro Borda, Leire Bilbao eta Castillo Suarez olerkariek euskal poesiari buruzko aurkezpena egingo dute Dublinen. Manuela Palaciosek idatzi duen "Forked Tongues" antologian agertzen dira hiru idazleak -Miren Agur Meabe ere, baina bera ezingo da Dublinera joan-- eta liburuaren aurkezpenak egingo dituzte Dublingo Cervantes Institutuan zein Cork hiriko Liburutegian eta Unibertsitatean.

Halaber, euskal literaturak berezko tokia izango du aurten Madrilen, Bernardo Atxagari buruzko udaberriko programan, Passaporta jaialdian Kirmen Uribe idazlearekin, New Yorkeko Brooklyn auzoan edo Argentinan bi hiritan burutuko diren jaialdi esanguratsutan.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia