euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sarean jarri ditu Italiako ACE-k Erromako ikasleek Euskanta 2013an egin dituzten abestiak

2013/07/01

"Piraten sortea" poema/kanta egin zuen Paolok marraztu zuen irudia (argazkia Euskanta2013)
"Piraten sortea" poema/kanta egin zuen Paolok marraztu zuen irudia (argazkia Euskanta2013)

PUBLIZITATEA

Laugarren urtez burutu dute Erromako Associazione Culturale Euskara (ACE) elkarteak eta UPTER unibertsitateko euskara sailak Euskanta kultur egitasmoa. Proiektuaren helburua poesia, musika eta euskara italiar umeei hurbiltzea da eta aurten, aurreko edizioetan bezala, emaitzak ederrak, bitxiak eta poetikoak izan dira. Gazteek italieraz poesia bat idatzi behar izan zuten eta ondoren ACEko lagunek hori euskarara itzuli zuten. Olerki euskal-italiarra oinarri hartuta, musika sortu eta grabatu zuten neska-mutilek. Abesti horiek guztiak sarean dira orain entzungai.

Erroma, Italia. Erromako Associazione Culturale Euskara (ACE) elkartea eta UPTER unibertsitateko Dipartimento Lingua e Cultura Basca (DLCB) 2010ean hasi ziren Euskanta proiektuarekin. Harrezkero, urtero burutu dute egitasmoa, Erromako zenbait eskoletako irakasle eta neska-mutilen partehartze gogotsuarekin. Aurten, A. Rosmini eskola publikoko bosgarren mailako 43 gaztetxo aritu dira Euskantan poesia sortzaile eta musikari. 

Egitasmoaren asmoa poesia, musika, euskara eta gaztetxoen sormena uztartzea da eta, bide horretatik, emaitza bikainak, ederrak eta poetikoak lortu dira. Ekimenak ezaugarri berezi bat du, baina: kantuak euskaraz direla. Gazteek sortu dituzte poemak, italieraz, eta ACEko eta DLCB-ko kideek euskaratu egin dituzte. Bi kulturen arteko harremana estutzeko era polita da eta gazteentzako esperientzia aparta.

Musika sortu eta grabatu

"Ondoren, ordenagailu, teklatu eta mikro batekin, musika egiten hasi dira: instrumentu bat aukeratu, musika esaldi bat egin, beste instrumentu bat eta beste musika zati bat, eta abar", azaldu dute arduradunek. Lanaren emaitza kantuaren musika instrumentala da eta horren gainean gazte bakoitzak euskarazko testuak kantatu eta grabatu ditu.

Grabatutako materialarekin osatu diren kantak Euskanta 2013ko hiru CD-etan daude jasoak eta egitasmoaren webgunean entzun daitezke. Bertan dira eskuragarri ere olerkien testuak (italieraz zein euskaraz) eta neska-mutilek eginiko marrazkiak. 

Euskara ikasleak ere tarteko

ACE-ko iturriek azaldu dutenez, aurten Euskantan UPTER Unibersitateko euskara eskoletako zenbait ikaslek ere parte hartu nahi izan dute, eta eurek ere kantua idatzi, konposatu eta grabatu dute. Bidenabar, bi elkarte erromatarrek azpimarratu egin dute aurtengo ikasturtean euskara eta euskal kultura eskoletan 120 ikasle aritu direla, Milano, Erroma eta Palermo hirietan. 



Komentarioak

  • zorion

    Ez nenkian ACE existitzen zenik ere eta aso poztu nau bizi dela jakiteak. Izan ere euskara eta italiera elkarren besaka (eta latinaren itzalik gabe) harrigarria da eta uskomediterranea hizkuntza zaharren garaira erakarten gaitu. Bejondeigula!

    Felix Zubiaga, 2013/07/01 17:44

« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia