euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sarean da jadanik 'Euskaldunen Argentina' erakusketaren gaztelerazko bertsioa, Euskal Kultur Erakundearen eskutik

2007/09/17

Erakusketak irudi eta datu historikoak eta gaur egunekoak biltzen ditu (argazkia Kepa Etchandy)
Erakusketak irudi eta datu historikoak eta gaur egunekoak biltzen ditu (argazkia Kepa Etchandy)

PUBLIZITATEA

Sarean da jada Argentinarako euskal emigrazioaren historia eta oraina aztertzen dituen erakusketaren gaztelerazko bertsioa, munduko internet erabiltzaileen (batez ere Argentinako Diasporako kideen) eskura. Erakusketa 2005ean antolatu zuten Euskal Kultur Erakundeak eta Atlantiar Pirineoetako Kontseilu Orokorrak, euskaraz eta frantsesez. EKEkoek, baina, erakusketaren online bertsioa Argentinako euskaldunentzat eskuragarri egin nahi izan dute, Atlantikoz bestaldetik heldutako eskari eta galderek animatuta.
Euskal Kultur Erakundeak joan den martxoan sareratu zuen 'Euskaldunen Argentina' erakusketaren online bertsioa. Erakusketa Argentinarako emigrazio historikoa eta gaur egungo euskal komunitatearen bizitza eta egoerari buruzko azterketa sakona zen, euskal argentinarrak eta euren lekukotza zuzena ardatz zituelarik. Erakusketa orijinala 2005ean aurkeztu zuten Uztaritzen, Euskal Kultur Erakundeak eta Atlantiar Pirineoetako Kontseilu Orokorrak antolatuta, Euskal Argentina elkartea eta Nafarroa Behereko Museoaren laguntzarekin. Erakusketa bera bezala, hasiera batean online bertsioa euskara eta frantsesez solik egin zuten, baina EKEko arduradunek argi azaldu zuten Argentinako interesatuengana ere heltzea zela euren helburua.

'Argentinatik webgunea gazteleraz ere emateko eskariak heldu zitzaizkigun. Horietako bat adibidez, FEVAko lehendakaritzatik eta argi ikusi genuen interesa bazegoela', azaltzen du Jakes Larrek, EKEko kide eta webgunearen kudeatzaileak. Interes honi erantzunez, Euskal Kultur Erakundeak itzulpenaren gastuak bere gain hartu eta gaztelerazko bertsioa egitea erabaki zuen eta duela aste batzudanik sarean da jada proiektua.

Eduki berriak

Webguneak erakusketarako bildu zen informazioa jartzen du eskuragarri: Ameriketarako untzia hartzeko unetik hasi eta hango bizimodu eta lehendabiziko euskal etxeen sorreratik gaur eguneraino. Erakusketaren ezaugarrietako bat emigrazioaren esperientzia protagonisten begiez lehen pertsonan azaltzeko egiten den ahalegina da. Horretarako emigratuek euren etxeetara bidalitako gutunetan oinarritzen da erakusketaren zati bat. Sarean gutunak eta bidai baimenak edota argazki zaharrak bezalako agiriak kontsulta daitezke.

Webguneak, baina, ez du emigrazioa prozesu historiko huts gisa aztertzen. Horren ordez, gaur egungo euskal argentinarren testigantzari ere berebiziko garrantzia ematen dio. Webgunean Argentinako euskaldunei eginiko elkarrizketen bideoak ikus daitezke: Carolina Minaberry, Albert Chabagno, Pierre Olhagaray eta Pettan Elgart agertzen dira bertan. Bestalde Kepa Etchandyren argazkiek ikusleari gaur egungo Argentinaren zati bat erakusten diote. 'Aurrerago Isa Suarez egileak euskal argentinarrei eginiko erreportaia berri bat ere sareratuko dugu webgunean', aurreratzen du Larrek.


Lotura interesgarriak

Euskaldunen Argentina erakusketaren webgunea
Euskaraz, gazteleraz eta frantsesez

Erakusketaren edukiak inteneten ikusteko
www.cg64.fr

Euskal Kultur Erakundea
www.eke.org

Euskal Argentina Elkartea
http://euskal-argentina.fr.st

'Euskaldunen Argentina' erakusketa Ospitalean ikusgai
EuskalKultura.com-en argitaratua 2005eko otsailaren 26ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia