euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sarean da euskal genealogiaz espezializatutako Antzina aldizkari digitalaren 3. alea; doan irakur edo jaitsi daiteke

2007/06/15

Antzina 3 aldizkariaren portada
Antzina 3 aldizkariaren portada

PUBLIZITATEA

Munduko edozein puntako euskal genealogia maite dutenek sarean dute jada Antzina aldizkariaren 3. alea. Seihilabetekaria da Antzina, gaztelaniaz dator gehienbat --artikulu bakarra euskaraz-- eta doan jaitsi daiteke 'Antzinako' Euskal Genealogisten Elkartearen web gunetik. Azken zenbaki honek, Conchi Ainciburuk koordinatuta, itsasoa hartu du ardatz. Bertan, 'Antzinako' elkarteko arduradunek datorren urrirako iragarri dituzte euskal genealogia topaketa batzuk, Hondarribia-Irunen.
Antzina aldizkariaren azken aleak eduki ugari interesgarriak dakarzkio irakurleari, Antzinako elkarteko kideek zein elkarteaz kanpoko kolaboratzaileek idatziak. 'Euren lanak eta ikerketak bidali nahi dizkiguten pertsonen kolaborazioak gustura hartzen ditugu', azaldu digu aldizkariaren koordinatzaile Conchi Ainciburuk. 'Ez dugu nahi gurea genealogia aldizkari hutsa izatea, beste arlo batzuk ere landu nahi ditugu eta, adibidez, Historia handira pasa ez diren pertsonen biografiei lekutxoa egin, horiek ere badigutelako zer kontatu'.

Azken zenbaki honek itsasoa hartu du ardatz. Lehenengo artikuluan XVIII mendean Real Compañía de Guipúzcoa delakoarekin Ameriketara joan ziren marinelen zerrenda ematen digu Ana García Santamaríak, Vicente de Amezagak idatzitako 'El elemento vasco' liburuko datuak baliatuz. Itsasoarekin jarraituz, Conchi Ainciburuk itsasontzien eraikuntza mundura garamatza, iragana eta oraina batuz Ontziola Pasaiako untzi tradizionalen ikerketa eta berreraikuntza zentruaren bidez.

Ale honetan jorratzen den pertsonaia nagusietako bat Federico de Barrenengoa (1916-2005) euskaltzain eta Onomastika eta Toponimia aditua da. Bere alaba María Jesús Barrenengoari esker Antzinak akademikoak 1975an Okendon Aiarako euskarari buruz eman zuen mintzaldia berreskuratu du. Aldizkariak bere orrietan agertzen duen beste pertsonaia bat Ramón Bengaray da, 36ko gudan bere ideia errepublikarrengatik fusilatua izan zen politikari nafarra. Bere seme Manuelek idatzi du Bengarayren biografia. Manuelek erbestean pasa du bizitza gehiena (Frantzia, Argentina eta Venezuelan) baina 1998an Iruñera bueltatu zen, 68 urterekin, aitaren heriotza argitu eta sustraiak berreskuratzeko asmoz. Artikulu hau da lan horren emaitza.

Genealogi Topaketak urrian

'Garai bateko elizkizun eta gorabeherak, jendea hildakoan' da, berriz, Joxe Agustin Gartziandiak euskaraz jorratzen duen gaia. Aldizkariaren atal finkoei dagokienez, Santos Ángel de Ochandategui arkitektoaren bizitza eta Murga dorreari buruzko artikulu bana datoz. Liburuen atalean geure arbasoen etxeak nolakoak ziren ezagutzeko proposamenak aurki daitezke. Iturri dokumentalen atalean, genealogisten baliagarrien dauzkaten iturrietako bat aztertzen da: testamentuak, eta testamentuetatik atera daitekeen informazioaren adibideak ematen dira.

Antzinako elkartearen berrien atalean elkartearen web gunean dauden eduki berriak aipatzen dira. Berri garrantzitsua, azkenik, Antzinakok urrian egingo dituen Genealogi Topaketen antolakuntza. Hondarribian edo Irunen izango dira eta Iparraldeko Genealogie et Histoire des Familles Pays Basque/Adour Maritime elkartearekin batera egingo dituzte.


Lotura interesgarriak

Antzina 3 aldizkaria doan jaisteko (pdf)
Antzinako.org web gunean

Antzinako Elkartea
www.antzinako.org

Aldizkariaren 2. alean, Diaspora protagonista
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko abenduaren 6ean

Amerika eta Europako Barrenengoatarren topaketa
EuskalKultura.com-en argitaratua 2005eko ekainaren 20an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia