euskal diaspora eta kultura
2008/12/10
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Aipatutako hiru koralek Buenos Aires hiriburuko Euskal Echea Ikastetxearen Sarandi kaleko instalazioetan egin zuten bilkura. Antolatzaile, Ikastetxe bereko Gurasoen Abesbatza. Honek gonbidatuta bertaratu ziren Buenos Airesko Euskaltzaleak-eko korua eta Euskal Echea-ren Llavalloleko egoitzakoa. Koru bakoitzak bere errepertorioko zenbait kantu kantatuz ekin zioten musika bilerari Sarandiko Euskal Echea-ren kaperan, iluntzeko zortzietatik aurrera, azaroaren 29an.
Bertako abesbatza izan zen kantatzen lehena. Hiriburuko Euskal Echea-ko Gurasoen Abesbatzak Amazing abestu zituen Grace-Spiritual, Aita Gurea, Ave Verum Corpus de Mozart eta La noche anunciada, azken hau Ariel Ramirez eta Felix Luna-rena. Ondoren Euskaltzaleak-en Abesbatzak kantatu zituen Basa Txoritxu, Ama Ohian, Si canto me dicen Loco (jota nafarra) eta Agur Jaunak. Azkenik, Llavallolgo Euskal Echea-ko abesbatzak beste hauek: Si Buenos Aires no fuera así, Eladia Blázquez-ena, Te fuiste una tarde por el arco iris, Weep O Mine Eyes, Domine Jesu eta Swing Low Sweet Chariot.
Oso gustura egindako bilera
Koru elkarretaratze honetan gonbidatu gisa aritutako iturrietatik EuskalKultura.com-i jakinarazi zaionez, bilera "oso modu atseginean garatu zen, ongi antolatua, eta Ikastetxeko kaperak eskaintzen duen abegikortasuna lagun". Musika bilkuraren ostean, talde antolatzaileak beste bi koraletako partaideak topa egitera eta mokadu batzuk dastatzera gonbidatu zituen kaperaren ondoko areto batean, "oso giro politean".
Elkarretaratze hau egiteko aurrekaria hiriburuko Euskal Echea Eskolak azaroaren 8an bertan eginiko euskal festa deialdian behar da bilatu, egun horretan eskolako lehenengo hezkuntzako maila guztiak aritu baitziren partaide, animazio lanik behinena Vanesa Felix eta Victoria Abasolok eginik, Belen Girasole laguntzaile, Arrecifeseko dantzari taldea ere partaide eta Maral taldea ere jole, "egiazko luxu bat".
Dantzen festaren ostean, Sarandiko Gurasoen Abesbatzak zenbait pieza eskaini zituen eskolako kaperan, guztiak euskaraz, eta horrek zinez harritu zituen bertaran zeudenetako asko, koruko kide gehientsuak ez baitira euskaldunak edo euskaldunen ondorengoak. "Benetan hunkitu egin gintuen adierazi zuten interes hura ikusteak, eta kantuok euskaraz ikasteko egin zuten ahaleginak, oso egokia izan zen momentu hartan kantatzeko gainera, eta oso ongi kantatuak", iritzi diote EuskalKultura.com-i bertan egon ziren euskaldunetako batzuk.
Lotura interesgarriak
Argentinako Euskal Echea Ikastetxeak, Llavallol eta Sarandí-koa
www.euskalechea.esc.edu.ar
Euskaltzaleak, Buenos Aireseko euskaltegi eta gau-eskola
www.euskaltzaleak.org.ar
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus