euskal diaspora eta kultura
2009/04/13
PUBLIZITATEA
Sara, Lapurdi. Urtero bezala Bazko astelehenez, Sarako Idazleen Biltzarrak ateak zabalduko ditu gaur goizeko hamarretatik aurrera, herriko kiroldegian. Sarako Turismo Bulegoak Euskal Kultur Erakundearekin batera antolaturik, idazleen irakurleekiko --edo irakurleen idazleekiko-- harreman zuzenak bultzatzea ezaugarri nagusi dituen hitzordua da Sarakoa.
Hegoaldeko egile eta argitaletxe batzuk bertaratzen badira ere, gehienbat Iparraldeko euskal mundua biltzen du eta, izan ere, Ipar Euskal Herriko euskal literatura eta oro har kultur ekoizpenaren argazki modukoa eskaintzen du urtero.
250 bat titulu
Antolatzaileek azaldu dutenez, aurtengoan 250 bat titulu bertaratuko dira, liburu, disko, joko, bideo, CD-Rom, ordenadore-programa eta gainerako euskarri eta moldeetan. Ohi bezala, euskaraz izango dira, edo bestela frantsesez euskal gaiez. Gaztelaniaz ere aurkezten dira gutxi batzuk.
Honako edizioko Biltzarreko Saria Herria astekariari emango zaio, bete berriak baititu bere 3000. zenbaki eta 65 urte, eta hori ez da marka makala edozein argitalpenaren ibilbideak, are gehiago euskaraz. Usaian bezala, Eusko Ikaskuntzako bekak ere banatuko dira. Aurten zortzi dira EIren dirulaguntza hori jasoko dutenak liburu bat idatzi eta plazaratzeko.
EuskalKultura.com bertan
Beste hamaika egile eta erakunde eta argitaletxeren artean, Euskaltzaindia ere Saran izango da. Hiru liburu aurkeztuko ditu: Gratien Adema "Zaldubi"ren Artzain Beltxaren neurtitzak, Henri Duhauk paratua; Txomin Peillenen Bizitzaren Hiztegiaz; eta Jean-Louis Davanten Zuberoako Literatura. Horrez gain, Aurelia Arkotxa euskaltzain osoaren Bazterrez sarrera-hitzaldia jasotzen duen Euskera agerkariaren separata ere aurkeztuko du.
Bestelako aurkezpenei erreparatuz, 11:45etan Euskaltzaindiako Jon Artzak hizkuntza gutxituen erakusketaren azalpena emango du, eta 16:00etan Xabier Soubelet bere azkeneko bi lanez mintzatuko da. Biltzarrak eskulan eta margoen erakusketa bat ere eskainiko du areto berean, 46 artista partaide. Hori, ahaztu gabe, euskara eta euskalgintza barneko ekimena izanik, aurreko urteetan bezala EuskalKultura.com-k ere bere stand-a izango duela Azokan, ikusentzuneko bat azalduz eta euskal diasporari presentzia zuzena emanez ekitaldian.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus