euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sarako Biltzarraren 24. edizioak Iparralde eta Hegoaldeko literatur mundua bildu zituen Lapurdiko herri honetan

2007/04/12

Idazle eta irakurleek elkarrekin aritzeko aukera izan zuren iragan astelehenean Saran (argazkia EKE)
Idazle eta irakurleek elkarrekin aritzeko aukera izan zuren iragan astelehenean Saran (argazkia EKE)

PUBLIZITATEA

Joan den Bazko Astelehenean Sarak Euskal Herri osotik heldutako idazle eta irakurzaleak bildu zituen, Sarako Idazle Biltzarraren 24. edizioan. Euskal Kultur Erakundeak eta Sarako Turismo Bulegoak urtero antolatzen duten ekimena huts egin ezineko hitzordua bihurtu da Iparraldeko euskal kultura munduan eta aurten 142 egile, 26 elkarte eta 17 argitaletxek parte hartu zuten bertan. Lau liburu berrien aurkezpena, Burp dokumentalaren emanaldia eta oro har Sarako Biltzarraren ezaugarri den egile eta irakurleen arteko lagunarteko giro konplizea izan ziren eguneko alde adierazgarrienak.
Joan den Bazko Astelehenean 150 bat egile bildu ziren Sarako Idazleen Biltzarraren 24. edizioan, euren lana irakurleei aurrez aurre aurkezteko eta elkarren solaserako prest. Izan ere, egile eta publikoaren arteko lotura hau da Sarako Biltzarrak duen alde berezietarik. Herri lapurtarreko polikiroldegian antolatutako gunea txiki eta abegikorra da, eta giroa familia artekoa ia, irakurle eta idazleek gertutasun handiagoa dutelarik liburuak izenpetu, elkarrekin solastu edota galderak trukatzeko.

Aurtengo Biltzarrean 142 autore, 26 elkarte eta 17 argitaletxek hartu zuten parte. Euren lanak lehendabizikoz izenpetzen zituzten 15 lagun bertaratu ziren, horien artean Nora Arbelbide gaztea, alboan Xipri Arbelbide osaba zuela. Aurreko edizioetan Saran izandakoa da Nora, osabaren liburuekin standean, baina aurten bere lehen eleberria 'Goizeko zazpiak' aurkezten zuen bertan, Iparraldeko idazle belaunaldi berrien partaide, zoritxarrez ia salbuespen gisa hartu behar den belaunaldien arteko lekuko-pasan.

Lau liburu berri

Nobedadeen artean euskaraz eta frantsesez idatzitako lau liburu aurkeztu ziren. Henri Duhauk 'Dufau, bi anaiak' lana aurkeztu zuen, Senpereko bi anaia hauen ibilbidea eta haiek egindako lanak biltzen dituena. Maritxu Basurcok 'Sois forte, Lucia' eleberrian 36ko gudan Euskal Herritik ihes egin zutenen artean girotutako maitasun istorioa dakar. Argitxu Noblia langile nekaezinak 'Les artistes de la paix' lana ekarri zuen, Jakin argitaletxearekin ateratakoa; eta Andre Etchegoyen eta Annie Dumayk 'Autrefois Ascain', Lapurdiko herri honen historiaren inguruko lana aurkeztu zuten.

Bestelako kultur ekitaldiak ere izan ziren Saran, horien artean argazki eta margo erakusketak. MY JOK plataforma artistiko eta kulturalak EKEren laguntzarekin egin duen 'Burp' dokumentala aurkeztu zuen. Bestalde, Eusko Ikaskuntzak Biltzarrak eskaintzen duen parada profitatu zuen elkartearen ikerketa bekak banatzeko. Hamaika ikerlari gaztek jaso zituzten dirulaguntza hauek, 16.000 euro guztira, euskal gaien inguruko ikerketak burutzeko.


Lotura interesgarriak

Informazio eta datu gehiago Sarako Idazleen Biltzarraz
Euskal Kultur Erakundearen webgunean (eke.org)

Sarako herriak sarean daukan ataria
www.sare.fr webgunean

Iazko edizioko berri, Sarako XXIII. Idazle Biltzarra
EuskalKultura.com-en 2006ko apirilaren 17an argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia