euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sara Pagola: “Pandemiak zerbait agerian utzi badu, gure diasporaren erresilientzia izan da, segi hola-hola, aurrera”

2022/12/26

Sara Pagola, M. L. Matukekin, "Urte Berri On" lehiaketaren irabazleetako batekin. Lehiaketa Euskal Echea eskolarekin antolatzen du Ordezkaritzak, Gabonak zoriontzeko bere tarjeta izango den marrazkia aukeratzeko
Sara Pagola, M. L. Matukekin, "Urte Berri On" lehiaketaren irabazleetako batekin. Lehiaketa Euskal Echea eskolarekin antolatzen du Ordezkaritzak, Gabonak zoriontzeko bere tarjeta izango den marrazkia aukeratzeko

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Argentina da munduan euskal etxerik gehien eta euskal komunitate handiena duen herrialdea. Euskadik Buenos Airesen duen Ordezkaritza, Argentina eta Mercosur osoa zerbitzatzen duena, lanez ongi hornitua ibili ohi da urtean zehar, batetik Argentinan bakarrik ehun bat euskal etxe dauzkalako zerbitzatzeko, eta bestela ere jarduera askokoa delako, aurrera daraman zubigintza lana, esaterako informazio eta lankidetza eskaerei erantzutea eta garapen produktiboan, I+D+I arloan, ekitatean, 2030 agendan, lanbide hezkuntzan eta beste hainbat alorretan, nabaria delako.

Urtean zehar, Ordezkaritzak agente argentinarrek Euskadi bisitatzeko agenda ugari egiten lagundu du. Horien artean, orain gutxi Argentinako Cordoba probintziako gobernadore Juan Schiarettik egindakoa nabarmen daiteke, enpresari talde esanguratsu bateko eta erakundeetako ordezkari bateko buru. “Bisita hau, eta koordinatu ohi ditugun guztiak, Ordezkaritzan bi herrialdeen artean harremanak eragin eta indartzeko daramagun urtetako ahaleginaren emaitza dira", azaldu dio EuskalKultura.eus-i Euskadiren Argentina-Mercosurrerako ordezkaria den Sara Pagola elgoibartarrak.

Zubi-lana Argentina Euskadi eta Euskadi Argentina

Era beran, Ameriketan ere hainbat bisita jaso dituzte Euskaditik. Orijinaltasunagatik azpimarratzekoa izan daiteke Basque Culinary Centerrek Argentinara ekarri zuen proposamen bat, esan nahi baita foodtech eta 360° sukaldaritzarekin lotutako startupei zuzendutako lehiaketa, “On the road” nazioarteko programaren baitan.

Pagolak aipatzen du euskal gizataldeei lotuen dagoen alorrean Ordezkaritzak eta berak titular gisa hogeitik gora bisita instituzional egin dituztela Argentina osoko beste hainbeste euskal etxe eta herritara, eta horietan antolatutako jarduera eta programa jakinetan hartu dutela parte. Euskal Etxeekin antolatutako jarduera bat bereziki nabarmentzekotan, parekotasuna eta ekitate gaiak landuz Argentina, Uruguai, Txile, Peru, Venezuela eta Kolonbiako euskal etxeak partaide gauzatutakoa datorkio burura.

Euskal Echea eskolako haurrak partaide

Euskal Etxeen esparruan, aurtengo azken bi hilabeteetan, Euskaraldiko eta Euskararen Nazioarteko Eguneko ekitaldiekin bat egitearekin batera, Ordezkaritzak 'Urte Berri On' marrazki lehiaketa artistikoa sustatu zuen Euskal Echea eskolan. Partaide izan ziren, 1906an euskal komunitate argentinarrak sortu zuen ikasketxe honetako 4. mailako haurrek, 9 eta 10 urtekoak, eta bertan hautatu zen Ordezkaritzak aurtengo Eguberria zoriontzeko erababilitako postal instituzionala.

“Baina zalantzarik gabe, bi urtez segidan pandemiaren eraginez bertan behera utzi behar izan ondoren, gogoan dudan aukera gogoangarria Euskal Aste Nazionalean, Macachinen, eta 'Euskal Herria Ospagai'n, Buenos Airesen, berriz ere euskal komunitateko lagun eta partaideak aurrez aurre ikusi eta agurtu ahal izatea izan da, zoragarria izan da. Izan ere, pandemiak zerbait agerian utzi badu, gure diasporak duen erresilientzia izan da. Eskerrik asko eta segi hola-hola, aurrera!”, adierazi digu Euskadiren Argentina-Mercosurrerako ordezkariak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia