euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sao Pauloko 'Semana Basca'n aritu ostean, Joseba Gotzonek Txilen eta Argentinan segituko du bere bira

2011/09/07

Joseba Gotzonen Txileko Santiagoko kantaldiaren afixa
Joseba Gotzonen Txileko Santiagoko kantaldiaren afixa

PUBLIZITATEA

Joan den asteburuan Itapeviko Euskal Etxeak antolatutako 'Semana Basca'n aritu ostean, Joseba Gotzon kantari portugaletetarrak aurrera darrai Hego Ameriketan gaindi hasitako birarekin eta aste honetan bertan Txilen arituko da kantari: ostegunean, irailaren 9an, Viña del Mar-en arituko da, bertako Eusko Etxearen eskutik, eta larunbatean, berriz, Santiagon, hiriburuko Estadio Español-en, bertan egoitza duen 'Colectividad Vasca de Chile' euskal etxearen eskutik. Datorren astean Argentinara pasatuko da, hiru emanaldi eskaintzeko izan ere aurkezgai dakarren 'Lau hormen artean' diskoa grabatu zuen herrialdean berean.

Donostia-San Sebastian. Joan den larunbat eta igandean --igandean emanaldi luzeago batez-- Sao Pauloko Ipirangan ospatu den 'I Semana Basca' delako euskal kultur elkarretaratzean kantaldi bi eman ondoren, Txilen eta Argentinan zehar segituko du aste honetan, Joseba Gotzon kantari portugaletetarrak Hego Ameriketan 'Lau hormen artean' edo 'Entre cuatro paredes' izeneko bere azken diskoa besapean egiten ari den tour edo bira.

Ostiralean, irailaren 9an, Txileko Viña del Mar hirian arituko da kantaria, Cine Arte aretoan, arratsaldeko zazpietan, bertaratzeko hartu dugun gonbidapena Viña-Valparaisoko Eusko Etxea-ko lehendakari den Archibaldo Uriartek, Txile eta Perurako Euskadiko ordezkari den Ana Urchueguiak eta Viña del Mar-eko Udalak luzatzen dutelarik, sarrera doan.

Larunbatean, berriz, euskal kantariaren emanaldia Santiagon izango da, Las Condes-ko Estadio Español-eko Isabel La Católica aretoan, gaueko zortzi t'erdietan, kasu honetan gonbidapena etxe anfitrioarekin eta Euskadiko Ordezkaritzarekin batera, Estadio Españolen egoitza duen 'Colectividad Vasca de Chile' delako euskal etxe gazteak sinatzen duela, hau esan bezala irailaren 10ean.

[Joseba Gotzon. 'Lau hormen artean' kantuaren euskarazko bertsioaren bideoklipa. Gaztelaniazkoa, hemen]

Txileko bi emanaldiok eta gero Argentinan emango ditu Joseba Gotzonek bere birako azken kontzertuak, izan ere La Plata Buenos Aires probintziako hiriburuan; Buenos Aires Hiri Autonomoan; eta San Nicolas de los Arroyos herrian, azken hau irailaren 16an, hiriko Udal Antzokian, bertako Euskal Etxearekin eta Arte Eskola Probintzialarekin elkarlanean.

Gogoratu behar da 'Lau hormen artean' edo 'Entre cuatro paredes' bere azken diskoaren izena daraman bira hau, aurten urte hasieran Argentinako La Platan bertan diskoa grabatu eta gero ari dela egiten Joseba Gotzon. Europara itzulita, azaroaren 13an Bilboko Campos Antzokian, eta ondoren estatuan Gijonen, gero Santiagon eta abendu eta urtarrilean Kataluniako Bartzelona eta Lleidan dauzka kontzertuak hitzemanak kantari portugaletetarrak.

-Kantariaren webgunea: www.josebagotzon.com

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia