euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sao Pauloko Eusko-Brasildar Etxeak ekitaldi ugarirekin itxi du 2012 urtea

2012/12/19

Sao Pauloko Eusko Brasildar Etxeko bazkide batzuk Eguberri festan (argazkia EuskoBrasildarEE)
Sao Pauloko Eusko Brasildar Etxeko bazkide batzuk Eguberri festan (argazkia EuskoBrasildarEE)

PUBLIZITATEA

Bizi-bizi amaitu du urtea Sao Pauloko Eusko-Brasildar Etxeak; izan ere, azken asteotan burutu diren ekintzen artean euskara ikastaroak, txistu eskolak, Olentzeroren etorrera eta Gabonetako bazkaria egon dira. Aipagarria da, bestalde, elkarteko talde batek Uxia kantari galiziarrarekin batera "Txoria txori" kantua abestu zuela --euskaraz, noski-- Sao Pauloko Instituto Cervantesen egoitzan.

Sao Paulo, Brasil. Sao Pauloko Eusko-Brasildar Etxeak hainbat jarduera burutu ditu azken asteotan eta bizi-bizi amaitu du urtea, Oskar Goitia presidenteak EuskalKultura.com-i azaldu dionez.

Elkartearen ekimenen artean euskara ikastaroak azpimarratu ditu Goitiak. HABEren lankidetzarekin ematen dira ikastaroak eta, Goitiak azaldu duenez, hainbat talde ditu euskal etxeak. "Euskal etxean badira talde batzuk, "Cora Coralina" kultur etxean beste batzuk, Casa de España-n ere eta internet bidezkoak ere, guztira 10 bat". Aurten, gainera, txikien taldea ere jarri da abian. 

Eusko Brasildar abendua 2012 (1)

[Eusko Brasildar euskal etxearen euskara eskola bat (argazkia EuskoBrasildarEE)]

Euskal Etxeak abiatu duen beste ikastaro bat txistu eskolak dira, elkarteko bazkide berri baten gidaritzapean: Euskaditik etorri berria den Iñigo Naberan. Sei txistularik osatzen dute taldea eta oso pozik agertu dira egindako aurrerapenekin.

Eusko Brasildar abendua 2012 (2)

[Txistu ikastaroko ikasleak kanta batzuk jo zituzten Eguberri jaian (argazkia EuskoBrasildarEE)]

Azken asteetan euskal etxeak burutu dituen ekimen artean aipagarria da Uxia kantari galiziarrak Cervantes Institutuaren egoitzan eman zuen kontzertuan parte hartzea. Elkarteko talde batek "Txoria txori" abestu zuen, euskaraz, galiziarrarekin.

Amaitzeko, euskal etxeak Eguberri festarekin itxi zuen urtea, eta bertan izan zen Olentzero ere, elkarteko txikiei opariak eta ikatz pixka bat banatuz. Bazkideek Brasilgo churrasco edo erreki tipikoa bazkaldu zuten eta, ondoren, elkarteko dantza talde hasiberriak erakustalditxo bat egin zuen.

Eusko Brasildar abendua 2012 (3)

[Gazte eta helduek parte hartu zuten Eguberri festan (argazkia EuskoBrasildarEE)]

Eusko Brasildar abendua 2012 (5)
[Erdian, Oskar Goitia presidentea, elkarteko bazkide batzuekin, Eguberri festaz gozatzen (argazkia EuskoBrasildarEE)]

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia