Sao Paulo, Brasil. Urtarrilaren 26an egin zuen Sao Pauloko Euskal Etxeak bere Batzar Nagusia. Bildutakoek Sao Paulon arabarren alaba jaiotako Pilar Alava berretsi zuten lehendakari 2020-2024 eperako. Agintaldi berriari begira helburuak zeintzuk diren galdetzean, Alavak esan dio EuskalKultura.eus-i orain arte bezala “euskal sustraiak bizirik mantentzea eta euskal kultura –eta ohiturak, folklorea, sukaldaritza, hizkuntza…– Brasilen landu eta zabaltzea” izango dutela iparra.
Helburu hauekin, euskara eskolak berehala hasiko ditu joan den abenduan 60 urte ospatu zituen euskal etxe saopaulotarrak, aspaldi bertan bizi den eta EEko lehendakari ohia den Estebe Ormazabal irakasle beasaindarraren eskutik. Lehenengo klasea martxoaren 7an abiatuko da, arratsaldeko 2:30etatik 5etara, Sao Pauloko Kataluniar Etxean, Lins de Vasconcelos kaleko 1807 helbidean. Ikasketa doanikoa da.
Hona Sao Pauloko Eusko Alkartasuna Euskal Etxeko Pilar Alava buru duen Zuzendaritza Batzorde berritua:
-Lehendakari: Pilar Alava
-Lehendakariorde: Jon Andoni Lizarzaburu
-1. idazkari: Paulo Lira
-2. idazkari: María Isabel García
-1. idazkariorde: Suzi Hayashi
-2. idazkariorde: Jose Antonio Alava Ugarte
-Kontseilu fiskala: Carlos Alonso, Daniel Pellón, Luis Villalba