Iragan irailaren 18an Pintxo Eguna ospatu zuen Sao Pauloko Eusko Alkartasuna elkarteak, giro ederrean eta euskal-brasildar sukaldaritza fusio jator eta koloretsuarekin. Elkartekideak orain, buru belarri dabiltza Argazki Lehiaketarekin, aukeratutako argazkiei botoa emateko epea ireki baita. Boto gehien jasotzen dituztenak 2017ko elkartearen egutegian agertuko dira.
Sao Paulo, Brasil. Euskal Herriko Argazkien Lehiaketa jarri du abian Sao Pauloko Eusko Alkartasuna Euskal Etxeak, "Nossa Euskal Herria" izenburupean. Lehiaketan elkarteko bazkideek eta bidaiariek parte hartu dute eta, haiek bidalitako irudiak bildu ostean, orain botoa emateko epea ireki du elkarteak.
Argazki guztiak Facebook-en daude ikusgai eta horien artean boto gehien jasotzen dituztenak elkartearen 2017ko egutegian agertuko dira. Argazkiak ikusteko, jo 2016ko Argazki Lehiaketa albumera.
Pintxo Eguna
Bestalde, elkarteak iragan irailaren 18an 2016ko Pintxo Eguna ospatu zuen. Bazkideek ahalegin galanta egin zuten pintxoen prestaketan, eta hainbat mokautxo izan ziren aukeran; batzuk tipikoak, patata tortila mitikoa esaterako; eta beste batzuk orijinalak, euskal eta brasildar nahasketarekin.
Pintxoak dastatzeaz gain, festan beste jarduera batzuk ere egin zituzten, besteak beste, pala partidoak eta opari eta sorpresaz beteriko bingo bat.
Elkartearen hurrengo hitzordua datorren urriaren 23an izango da, euskal gaiei buruzko hitzaldi sorta batekin.