euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Brasilgo Sao Pauloko Eusko Alkartasuna Euskal Etxeak 50 urte ospatu ditu joan den asteburuan

2009/12/09

Gernikako Arbolaren kimuaren aurrean 'Gernikako Arbola' kantatzen Sao Pauloko Eusko Alkartasuna Euskal Etxearen 'Gernika Kutun' etxe eta egoitzan (argazkiak Bernard Otondoren politesia)
Gernikako Arbolaren kimuaren aurrean 'Gernikako Arbola' kantatzen Sao Pauloko Eusko Alkartasuna Euskal Etxearen 'Gernika Kutun' etxe eta egoitzan (argazkiak Bernard Otondoren politesia)

PUBLIZITATEA

Brasilgo Sao Pauloko Eusko Alkartasuna Euskal Etxeak festa eta elkarretaratzea izan du joan den asteburuan, euskaldunek, azken 50 urteotan euskal etxearen egoitza izan den 'Gernika Kutuna' izeneko etxea eta jabegoa erosi zuteneko 50. urteurrena ospatu baitute. Ekitaldiak euskal etxea sortu zuten 56 bazkideak gogoratu zituen eta baita 'urrezko diploma' eman ere horietarik gelditzen diren eta bertaratu ziren seientzat. Bertan hazten den Gernikako Arbolaren kimuaren azpian Gernikako Arbola eta Agur Jaunak kantatu ziren, Euskal Herriarekiko eta munduko euskal komunitateekiko senidetasun lokarri.

Sao Paulo, Brasil. Eusko Jaurlaritzaren erregistroan oraingoz Brasilgo euskal etxe bakarra denaren mende erdia ospatzeko ekitaldiak joan den igandean egin ziren euskaldunek juxtu duela berrogeita hamar urte eurenganatu zuten eta geroztik Sao Pauloko euskal elkartearen egoitza izan den 'Gernika Kutuna' etxe eta jabegoan. Hirurogeita zertxobait jende bildu ziren zenbaki biribileko urteurren hau ospatzera, festa berean Euskararen Eguna eta San Frantzisko Xabier Eguna ere ospatu zirelarik.

"Elkartearen lehenengo urrats hartan parte hartu zuten 56 bazkideetako gehienak ez daude gehiago gure artean, baina dauden seiei urrezko diploma eman genien esker oneko oroigarri, ekitaldian gogora ekarri nahi izan baikenuen, apal baina bihotzetik, egin zuten sakrifizioa eta eskaintza, geroztik geure egoitza izan den orube eta etxea erosteko", esan dio Eusko Alkartasunako idazkari Jose A. Alava Ugartek EuskalKultura.com-i.

2009 Sao Paulo EE 50. urteurrena 01

[Jendea Sao Pauloko Eusko Alkartasuna Euskal Etxearen egoitzan, elkartearen egoitzaren 50. urteurrena ospatzen]

2009 Sao Paulo EE 50. urteurrena 02

[Ezkerretik eskuinera, Mentxu, Francisco (bazkide fundatzaile), Elias Echegoyen (bazkide fundatzaile) eta Jon Lizarzaburu, lehendakari]

Gernikako Arbola kantuz, Gernikako Arbolaren kimu azpian

Bildutakoek egunpasa polita izan zuten, musika eta kantua partaide, honelako ospakizun batean eta euskaldun artean ezin ekidinezkoa baita Gernikako Arbola kantatzea, hain zuzen ere 1983tik bere lurretan Gernikako Arbolaren kimu bat landatua eta ederto hazia duen Euskal Etxe batean eta, are gehiago, egoitzaren izena ere 'Gernika Kutun' duen jabego honetan. Agur Jaunak ere kantatu zen, solasei eta jateko kontuei bidea eman zurretik. Bazkaria, izan ere, itsaski paella eder bat izan zen, lehenik ahoa goxatzeko pintxo sorta zerbitzatu zelarik eta, amaigarri gisa, berriz, 'urteurreneko tarta' delako bat.

2009 Sao Paulo EE 50. urteurrena 03

[Sukalde lanetan, sukaldari eta laguntzaileak. Erdian, Francisco (bazkide fundatzailea) eta Pilar Alava]

2009 Sao Paulo EE 50. urteurrena 04

[Sao Paulo Eusko Alkartasuna Euskal Etxearen egoitza den 'Gernika Kutuna' egoitza eskuratu zeneko 50. urteurrena ospatzeko tarta]

Historia pixkat bat eginez, orain ospatutako datan, 1959ko abenduaren 9an, Sao Pauloko euskaldunek mende erdi batez auren egoitza izan den etxe eta jabego hau eskuratu --erosi-- zuten. Hemen kintxo deitzen den aterpea eta, orotara, bi mila metro koadroko saila zen, leku poli batean, natura erdian, laku batez eta zuhaitz eta berdegunez inguratua, Sao Paulotik 25 bat kilometrotara. Urteotan, etxea zinez aldatu eta handitu da eta pilotalekua emendatu zaio eta landatu ere landatu zaizkio Gernikako Arbolaren bi kimu, besteak beste.

Orduango ahaleginak geroa galdegiten du

Berrogeita hamarretik gora izan ziren orain mende erdi bat dirua ipini zutenak elkartearen egoitza erosi ahal izateko. Baziren urte batzuk euskaldunak bildu bai, baina egoitzarik gabe eta euren elkartea ofizialdu gabe egiten zuten. Tokia erostea, beraz, urrats handia izan zen. Garai hartako 400.000 kruzeiro eskatzen zuten, eta horietarik komunitateko kideek 250.000 batu ahal izan zituzten. Gelditzen zen kopurutik, 50.000 Bilbao industriak sinatu zuen txeke batek ekarri zuen eta azkeneko ehun milak Jose Maria Sanz Navarro bazkideak ipini zuen, mailegu eskuzabal modura, elkarteak pixkanaka itzul ziezaion.

Orduak euskal elkartea lege aurreko nortasuna eskuratu gabea zenez, 1959ko abenduaren 9an egin zen eskrituran euskaldun partikular batzuen izenean ipini zen, hala nola Jose Mª Sanz Navarro, Jose Ramon Zubizarreta, Jose Antonio Vergareche Arrizabalaga, Miguel Zelaya Zubizarreta, Ignacio Beotegui Inza, Jesus Alberdi Eguren, Vicente Murua y Ortiz de Echevarría, Pedro Jayo Bernardo, Jenaro Jayo Bernardo, Miguel Postatni honen emazte Janina Postatni-ren izenean.

Geroago, 1963ko martxoaren 3an egindako bilera baten ondorioz Euskal Etxea ofizialki osatzea erabaki eta urte bereko urriaren 1ean paperak legeztatzera aurkeztu eta gero ipini zen jabegoa 'Sao Pauloko Eusko Alkartasuna' elkartearen izenean. Geroago, 1996ko ekainaren 18an, Eusko Jaurlaritzak Euskal Etxeen erregistro ofizialean sartu zuen Sao Pauloko Eusko Alkartasuna.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia