euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sao Pauloko Eusko Alkartasuna EEak bere kide sortzaile Francisco Alava ohoratu du 2013 urte amaiera festan

2013/12/10

Elias Echegoyen, irduian aurrean Francisco Alavarekin batera, ekitaldian parte hartu zutenei zuzendu zitzaien Francisco Alavak Eusko Alkartasuna euskal etxeari eginiko ekarpen eta lekukotasun baliotsua aipaturik (argazkia Maite Alava)
Elias Echegoyen, irduian aurrean Francisco Alavarekin batera, ekitaldian parte hartu zutenei zuzendu zitzaien Francisco Alavak Eusko Alkartasuna euskal etxeari eginiko ekarpen eta lekukotasun baliotsua aipaturik (argazkia Maite Alava)

PUBLIZITATEA

Sao Pauloko Eusko Alkartasuna Euskal Etxeak omenaldia egin dio, abenduaren 1ean eginiko urte amaierako festaren baitan, elkarteko kide sortzaile eta sukaldeko arduradun Francisco Alavari. Euskal Etxeko beste historiko batek, 1959an elkartea sortu zutenen arteko azkenetakoa bera ere, Elias Echegoyen-ek, hartu zuen hitza Francisco Alavaren gorazarrea egin eta Eusko Alkartasunari luzaroan eskaini dion lana, denbora eta dedikazioa eskertzeko. Ekitaldi honez geroztik, Brasilgo euskal etxe zaharrena den honen sukaldeak 'Txoko Alava' izena hartu du.

Sao Paulo, Brasil. 1959ko abenduaren 9az geroztik Eusko Alkartasuna Euskal Etxea dena eta elkarteak egoitza duen Gernika Kutun etxe eta jabegoa Sao Paulotik 25 bat kilometrotara sortu eta biziarazi dutenetakoa izan da Francisco Alava; are gehiago, euskal-saopaulotarrek bertan egin dituzten hamaika ekitalditako sukaldaria ere izan da Eusko Alkartasunaren urte-amaiera festan omenaldia jaso zuen laguna, elkartearen bazkide sortzaileetarik geratzen den azken mohikanoetakoa.

2013-12-01 sao paulo eusko alkartasuna 01

 [Gernika Kutun-en, berdez inguratuta, eta Gernikako Arbolaren kimuak ere bertan hazten dituen eremu berezi honetan egin zen, hamarnaka lagun eta bazkide bildurik Francisco Alava bazkide sortzaile, chef eta lagunari esker ona eta atxikimendua agertuz (argazkiaMA)]

Hamarnaka bazkide eta euskal etxekoen eta euskaldunen adiskide batu ziren abenduaren 1ean, igandea, bi egun beranduago etorriko ziren San Frantzisko Xabier eta Euskararen Eguna ere ekitaldi berean gogoz ospatzeko eta omenaldia jaso behar zuen Francisco Alava bera izan zen, beste behin, bazkaria prestatzeko ardura hartu zuena. Ikusiko aurrerantzean ere hala den, "erretiratzen ari dela" iragarri baitu igandean ere sekulako paella tentagarria prestatu zuen Alavak.

2013-12-01 sao paulo eusko alkartasuna 02

 [Bertan egindako beste hamaika alditan bezala, elkarretaratzeak Francisco Alava bera izan zuen sukaldari, hitzek baino itxurak berak aurkezten duen paella ikaragarriaren prestatzaile (argazkiaMA)]

Sao Pauloko Eusko Alkartasunako historikoetako beste batek, elkarteko ohorezko bazkide eta lagun sortzaile Elias Echegoyen Tabar-ek hartu zuen hitza Francisco Alavak euskal elkarteari egindako ekarpenak eta bizitza osoko dedikazio ibilbidea azpimarratzeko, Euskal Etxearen eta bertaratutakoen atxikimendu eta esker ona adieraziz.

2013-12-01 sao paulo eusko alkartasuna 03

 [Elías Echegoyen izan zen elkartearen eta bildutakoen izenean Francisco Alavaren figura eta merezimenduak laburbiltzeko ardura jaso zuena. Irudian, eskuinean lehenengo lerroan, Elias Echegoyen bertaratutakoei mintzatzen zaie, ondoan Francisco Alava bera duela (argazkiaMA)]

2013-12-01 sao paulo eusko alkartasuna 04

 [Txoko Alava izena darama aurrerantzean Sao Pauloko Euskal Alkartasunaren Gernika Kutun egoitzako sukaldeak, zorionak Francisco Alava eta Alava familiari (argazkiaMA)]

Ekitaldiak balio izan zuen baita ere, omenaldiko parte, Gernika Kutun-eko sukaldeari Txoko Alava izena paratzeko. Horren agergarri, egur tailatuzko karteltxo bat geratzen da sarreran. Bazkaria, Francisco Alavak ederki egiten dakien paella gogoangarri bat eta zenbait postre, bildutakoek molde tradizionalean kantatutako zenbait kantuek edertuta bukatu zen, ongi merezitako txaloak emanez omenduari. Elkarretaratzea eguerdi ondoko ordu batetik arratsaldeko bostak arte luzatu zen, tenore egokia igande batean etxera bueltatzeko Sao Paulo hiritzar eta estatuko leku diferentetan bizi diren jendeentzat.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia