euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sao Pauloko Euskal Etxeak, Brasilen, 1937ko bonbardaketa gogoratuko du 'Gernika a nossa memoria' jardunaldiekin

2007/05/03

'gernika geure gogoan' jardunaldien kartela
'gernika geure gogoan' jardunaldien kartela

PUBLIZITATEA

Sao Pauloko Eusko Alkartasuna Euskal Etxeak bat egingo du datorren igandetik aurrera Gernikako bonbardaketaren oroimenezko ekitaldiekin, erasoaren 70 urteurrena betetzen den honetan. Euskal elkarte brasildarrak ekitaldi egitarau mardula prestatu du, mintzaldi, mahai inguru eta zine emanaldiekin. Oroitzapen eta hausnarketa ekintza hauek hilaren 20an bukatuko dira, Aberri Egunaren ospakizunarekin.
Sao Pauloko Euskal Etxea Gernikaren 70. urteurreneko ekitaldiekin bat egiten duen azkenetakoa izango da, hil honetan zehar luzatuko den mintzaldi eta zine emanaldi programa osatu batekin. Oroitzapen ekimen honek 'Gernika geure gogoan-Gernika a nossa memoria hartu du izentzat. Bere lehenengo hitzordua igande honetan izango da, 'Gernikako bonbardaketa: ikuspuntu historiko bat' mintzaldiarekin. Entzungai izango diren hizlarien artean Gabriel Otamendi gudaria aipa daiteke, orduan bizitako esperientzien ikuspuntutik ariko dena. Berarekin batera jendaurretuko dira Estebe Ormazabal Euskal Etxeko lehendakaria eta Acácio Augusto brasildarra (PUC-SP).

Eguna biribiltzeko zine emanaldi bat eskainiko da, Gernika eta 36ko gudari buruzko hiru dokumentalekin. Lehendabizikoa 'Gernika' izango da, 1938an Nemesio Sobrevilak zuzendurikoa, eta jarraian Euskal Emakumea, 1981an Mirentxu Loiartek zuzendua, azken hau euskaraz, gaztelerazko azpitituluekin. Bukatzeko, 'Gernikaren bonbardaketa' ikus ahal izango da. Pedro Oleak 1980an zuzenduriko dokumentala da eta euskaraz emango dute. Mintzaldiak eta zine emanaldiak Euskal Etxearen Av. São João, 1.567 egoitzan izango dira.

Emakumeak gudan

Hurrengo hitzordua hilaren 12an, larunbata, heldu da. Arratsaldeko 14:00tan, 'Emakumeak gudan: hausnarketa bat' izenburuko mahaingurua antolatu du Euskal Etxeak. Hizlariak honokoak izango dira: Rosalina de Santa Cruz Leite (irakaslea, Serviço Social PUC-SP), María De la Concepción Piñero Valverde (irakaslea FFLCH-USP), María Dolores Aibar Ramírez (irakaslea, Universidade Estadual Paulista Julio de Mesquita Filho - Araraquara - SP) eta Josefa Buendía Gómez (soziologoa, Universidade de São Paulo-USP). Ekitaldiaren osagarri, filme bat eskainiko dute, Vicente Arandaren 'Libertarias', hain zuzen. Ekitaldi hauek PUC – SP-en egoitzan izango dira (Rua Monte Alegre, 984 - Perdizes).

Biharamunean, apirilaren 13an, zinema debatea egingo dute, Que Bom Te Ver Viva, l. Murat-ek 1989an zuzendutako filmaren emanaldiarekin. Ondotik Rosalina de Santa Cruz Leitek filmean oinarritutako mahaingurua gidatuko du. Ekitaldia Euskal Etxean izango da. Hurrengo hitzordu bat maiatzaren 19an, larunbatean, etorriko da, Julio Medemen 'Euskal Pilota' dokumentalaren emanaldiarekin. Ondoren 1937 – 2007 um longo conflito no País Basco: reflexões sobre a situação basca izenburuko eztabaida iragarri da. Azkenik, 'Gernika geure gogoan'-eko ekitaldiei bukaera emateko, euskal brasildarrek Aberri Eguna ospatuko dute apirilaren 20an Euskal Etxearen egoitza nagusian (Rua Angelo Montecilli, 270).


Lotura interesgarriak

Sao Pauloko Euskal Etxea
euskaletxeabrasil.locaweb.com.br

Euskara Munduan Sao Pauloko Eusko Alkartasuna Euskal Etxean
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko otsailaren 25ean

Sao Pauloko Euskal Etxea sarera heldu da
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko uztailaren 14an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia