euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sao Pauloko Euskal Etxeak bere zuzendaritza berritu eta azken bi urteko ekimenenen balioespen ona egin du

2008/03/11

Azken bi urtetan Eusko Alkartasuna Euskal Etxeko zuzendaritza osatu duten kideak
Azken bi urtetan Eusko Alkartasuna Euskal Etxeko zuzendaritza osatu duten kideak

PUBLIZITATEA

Sao Pauloko Eusko Alkartasuna elkarteak Batzar Orokorra egin zuen joan den igandean zuzendaritza berria aukeratzeko. Kideek Jon Andoni Lizarzaburu lehendakari gisa eta Francisco Alava lehendakariorde postuan hautatu zituzten. Bestalde elkarteak Estebe Ormazabal lehendakari izan duen aurreko zuzendaritzaren lanaren baliospen oso baikorra egin du, 'elkartea biziago eta konektatuagoa baitago orain, Euskal Herriarekin zein Sao Paulo, Brasil eta gainerako euskal etxeen inguruarekin'.
Eusko Alkartasunak zuzendaritza berria dauka joan den igandeaz geroztik: Jon Andoni Lizarzaburu lehendakaritzan eta Francisco Alava lehendakariorde gisa. Datozen egunetan bi buruek euren taldea osatzen duten beste kideen izenak jakinaraziko dituzte. Bi urteko agintea izango dute, postua utzi duen aurreko zuzendaritza taldeak bezalaxe.

Berritze hau dela eta elkarteak 2006-2008 epealdian Estebe Ormazabalek zuzenduriko taldeak egin duen lanaren baliospena plazaratu du. Bi urte hauetako lanaren emaitza oso baikortzat jo du, elkartea 'berriz ere euskal etxeen sarean dagoelako, Eusko Jaurlaritzarekin harremana berritu duelako eta Euskal Herria eta Brasileko elkarteen arteko zubiak sortu dituelako'.

Ekimen kultural eta sozialak

Elkarteak plazaratu duen txostenean 2006-2008 ekimenak aztertzeaz gain, aurreko zuzendaritzak eskerrak ematen dizkie elkarteko kideei, 'gure etxera hainbeste alaitasun ekarri duten' euskara ikasleei eta Jon Zumalde koraleko kideei, 'euren lan ederragatik'. Eginiko ekimenen artean aipatzen diren lehenak euskara klaseak dira. Casal Katalanean hasi ziren eta orain São João Avenidako euskal etxearen egoitza berrian eta São Pauloko Unibertsitatean (USP) ematen dituzte, HABEren lagun. Berrehun ikasletik gora pasa dira ikastaro hauetatik. Aldi berean, hilabete honetan elkarteko bi irakaslek --Oscar Goitia eta Carolina Salazar-- euskara irakasle trebakuntza jasotzen hasiko dira, HABEren Euskara Munduan ekimenaren barruan.

Euskal Kulturaren zabalkundea ere elkartearen ekimen nagusienetako izan da eta horretarako mintzaldiak, mahainguruak, artikuluak, elkarrizketak... Bestalde, Aberri Eguna, San Ignazio, Kirolen Eguna eta Euskararen Eguna bezalako jaiak, elkartearen bizi sozialaren oinarria izan dira. Euskal Etxeak bisitari asko jaso ditu, horien artean Eneko Etxebarrieta eta Miyuki Okabe bidaiariak, Joseba Gotzon kantaria, Josu Legarreta Euskal Kolektibitateekin Harremanetarako zuzendaria, Miren Azkarate Kultura sailburua eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kideak.

Egoitza berriaren inaugurazioa

Elkartearen bizitzan eragin handia izan du, onerako bistan denez, egoitza berriaren inaugurazioak. Zentrikoagoa, Avenida de Sao Joaon kokatuta, egoitza berriak bazkideen parte hartzea erraztu egin du. Bertan egiten dira euskara klaseak, koruaren entsaioak eta beste ekimen batzuk. Zuzendaritzak Jon Zumalde koralaren lana azpimarratu du, iaz EuskoSarek antolatu zuen EuskoCantat lehiaketan bigarren postua eskuratu zuenez.

Elkartearen webgunearen sorrerak ere merezi du aipamenik. 2006an aurkeztu zuten eta elkartearen ekimenen berri jakiteko bitartekoa bihurtu da. Eusko Alkartasunak aipatzen dituen beste ekimenak 'Gernika 70 urte' jardunaldiak, liburutegia eta memoria historikoa berreskuratzeko proiektua dira.


Lotura interesgarriak

Brasileko Euskal Etxea
www.euskaletxeabrasil.com.br

Euskararen Eguna Brasileko Euskal Etxean
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko abenduaren 7an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia