euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bizkaiko eta Argentinako lagunen bisitarekin amaitu da Sao Pauloko Bigarren Euskal Astea

2012/09/25

Imanol Pradales, Ekonomia Sustatzeko foru diputatua, eta Oskar Goitia, Eusko Brasildar Etxeko presidentea, Euskal Astearen itxiera afarian (argazkia SaoPauloEE)
Imanol Pradales, Ekonomia Sustatzeko foru diputatua, eta Oskar Goitia, Eusko Brasildar Etxeko presidentea, Euskal Astearen itxiera afarian (argazkia SaoPauloEE)

PUBLIZITATEA

Amaitu berria da Sao Pauloko Eusko-Brasildar Etxearen bigarren Euskal Astea, eta bertan bizitakoarekin oso pozik agertu dira bai antolatzaileak eta baita Bizkaiko zein Argentinako bisitariak. Argentinatik Villa Mercedeseko Euskal Etxeko ordezkaritza bat izan zen Sao Paulon Camerata de la Luna abesbatza ere tarteko. Bizkaitik, Foru Aldundiko eta Bilboko Udaleko ordezkaritza bat etorri zen, eta eurekin batera euskal astean parte hartu duen sukaldari talde bat. Itxiera afaria beraiek prestatu zuten.

Sao Paulo, Brasil. Eusko-Brasildar Etxeak antolatutako Sao Pauloko bigarren Euskal Asteak Bizkaia, Brasil eta Argentina uztartu ditu, eta munduko euskaldunen arteko harreman eta lankidetzaren eredu bikaina izan da. Batzuen eta besteen lankidetzari esker, euskal astean ekitaldi ugari egin dira, hala nola zine-emanaldiak, gastronomia lantegia, musika kontzertuak eta mus txapelketa.

Jarduerak iragan irailaren 17an hasi ziren, Tremembe-ko kultur etxean eman zen hitzaldi batekin eta mus txapelketaren inaugurazioarekin. Aste osoan zehar jokatu ziren txapelketako partidak, eta irabazleak Jesus Collado eta Thiago Parddal Stella bikotea izan zen. Asteartean euskal etxeak euskal kulturari buruzko hitzaldia eskaini zuen Sao Pauloko eskola batean, eta asteazkenean euskal zinema emanaldia egin zen Tremembén.

Bisita Argentinatik

Ostegunean, irailaren 20ean, heldu zen Argentinatik Sao Paulora Villa Mercedeseko Euskal Etxeko ordezkaritza, Julio Vicente Esnaola presidentea buru zela. Ordezkaritzako parte, Euskal Etxeari lotutako Camerata de la Luna abesbatzeko kideak etorri ziren, Euskal Asteari ahotsa jartzeko prest. Sao Pauloko euskal etxeak ongi etorri afaria eskaini zien Alcazar jatetxean.

Ostiralean Escola de la Câmara Municipal de São Paulo jatetxeko ikasleek bazkaria prestatu zuten Euskal Asteko lagunentzako, Anchieta jauregian. "Jose de Anchieta Sao Paulo hiria sortu zuen jesuita izan zen", azaldu dio Oskar Goitia Sao Pauloko euskal etxeko presidenteak EuskalKultura.com-i. "Jatetxeak laguntza beharrean daudean gazteak hartu eta gastronomia ikasketak egiteko beka ematen die. Arratsaldean euskal astera etorri ziren Bizkaiko sukaldariek lantegia egin zuten Escola jatetxean, eta ikasleentzako esperientzia aparta izan zen".

Camerata de la Lunaren kontzertua

Gauean, Camerata de la Luna taldea argentinarrak kontertua eskaini zuen Catedral da Sé elizan. "Entzuleak txundituta gelditu ziren taldearen maila eta profesionaltasunagatik. Programan abesti erlijioso klasikoak, brasildar musika, kanta argentinarrak eta nazioartekoak izan ziren, eta baita ere, noski, zenbait kanta euskaldun ere", azaldu du Goitiak.

Euskal-argentinar taldeak Villa Mercedes-eko ikurra oparitu zion Eusko Brasildar Etxeko presidenteari eta lagunarteko afari batekin ospatu zuten denek kontzertuaren arrakasta. Eguna bukatzeko "metropoli paulista erraldoiaren gau giroaz gozatzera" joan ziren, esan du Goitiak.

Itxiera afaria

Asteari bukaera eman zion afarian protagonista izan zen Bizkaiko Foru Aldundiko eta Bilboko Udaleko ordezkaritza, Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko foru diputatua buru. Brasilera merkataritza misioan etorria zen taldea, Bizkaiko hogei bat enpresa txikiren ordezkariekin, eta denak bildu ziren Euskal Astearen itxiera afarira.

Afaria Bizkaitik etorritako lau sukaldarik prestatu zuten --Daniel Garcia (Zortziko), Ricardo Perez (Yandiola), Jose Miguel Olazabalaga (Andra Mari) eta Beñat Ormaetxea (Jauregibarria)-- Mikel Garaizabal sumiller-aren laguntzarekin.

Eusko-Brasildar Etxeko ehun bat bazkide eta lagun izan ziren ekitaldian, eta baita hiriko enpresaritza eta ekonomia alorreko gonbidatu ugari ere. Villa Mercedeseko ordezkaritza ere bertan izan zen eta Camerata de la Luna taldeak kontzertu labur bat eskaini zuen afalostean.

Itxiera ekitaldian Imanol Pradales foru diputatuak bi euskal etxeei "euskal kultura, ohiturak eta euskara munduan zehar bizirik mantentzeko" egiten duten lana eskertu zien, eta "Bizkaia-Euskadi eta Brasilen arteko merkatal-harremanak sustatzeko errreferentzia" bilakatzeko gonbitea luzatu zien.

Igandean, azkenik, feijoada brasildar tipiko bat izan zen Asteko azkeneko ekitaldia, Dom Odilo Sao Pauloko artzapezpiku kardinalak katedralean euskal-argentinar abesbatzaren kantuek ederturik eman zuen mezaren ostean.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia