euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sao Paulo Unibertsitateak, Brasilen, euskara ikastaroa emango du abuztu eta irailean, Itapeviko EEak sustatuta

2011/06/23

PUBLIZITATEA

Sao Paulo estatu brasildarreko Itapevi-n egoitza duen Eusko-Brasildar Etxeak bere egitasmo nagusienetako bat martxan jartzea lortu du: Sao Pauloko Unibertsitatean (USP) euskara klaseak abiaraztea. "Latinamerikako unibertsitaterik handiena da", azaldu dio EuskalKultura.com-i Oskar Goitiak, Itapeviko Euskal Etxeko presidenteak. Goitia bera izango da ikastaro honetako irakaslea, hainbat urtez HABEren Euskara Munduan egitasmoaren barruan trebatu eta gero. Ikastaroa asteazkenero egingo da, abuztuan eta irailean.

Sao Paulo, Brasil. Sao Pauloko Unibertsitateak (USP) datorren abuztuaren 3an abiaraziko du Itapeviko Eusko-Brasildar Etxeak (Casa Basco Brasileira) sustatu duen euskara ikastaroa. Oinarrizko maila izango du eta helburua ikasleek gramatika eta elkarrizketa egitura oinarrizkoak eskuratzea izango da. Ikastaroa unibertsitateko ikasleei zein gaian interesa duen edonori irekia da eta gehienez 30 lagunek parte hartu ahal izango dute.

Ikastaroaren kudeaketa lanetan USPko Letren Fakultateko irakaslea den Maria Augusta da Costa Vieira ariko da. Ikastaroak ematearen ardura, baina, Oskar Goitiak izango du. Goitiak HABEk sustatzen duen euskal etxeetako euskara irakasleen trebakuntza programan parte hartu du, Euskara Munduan egitasmoaren barruan, azken urteetan. Programa honek sustatzen du ikastaro berri hau ere.

2008az geroztik Euskara Munduan egitasmoak antolatu dituen hainbat nazioarteko euskara barnetegietan ere ibili da Goitia, beti txapela buruan. Ez da esaera hutsa, euskal brasildar peto-peto honen ezaugarrietako bat beti buruan ibiltzen duen txapela da eta. Ikastaro hau erronka eta aurrera pauso handia da Goitia buru duen euskal etxearentzat; izan ere, USP Latinamerikako unibertsitaterik handiena da.

Ikasgaiak

Ikastaroak honako gaiak jorratuko ditu (euskara-portugesa): 

-1. Non dago Euskal Herria? (Onde esta o Pais Basco?) Non (onde); Izan aditza (verbo ser); caso nor (indicativo)

-2. Nor da? (Quem é?) Demostrativos, interrogativos; Ukan aditza (verbo tener); caso nork (ergativo)

-3. Hotelean (No hotel) Bizi izan (vivir, habitar); du eta ditu (tener singular e plural); nolakoa (como?)

-4. Nire Euskal Etxea (Minha Casa Basca) Morfemas: ba (afirmativo); ik (partitivo); agintera (imperativo). Erakusleak (demonstrativos)

-5. Turismo Bulegoan (No escritório de turismo) Asteko egunak (dias da semana); nahi eta behar aditzak (verbos querer e dever)

-6. Erosketak egiten (Fazendo compras) Zenbakiak (números); Balio aditza (verbo valer); opariak (alimentos)

-7. Arropa erosten (Comprando roupa) Koloreak (colores); arropak (roupas); zertarako (para que?)

-8. Etxekoekin hizketan (falando com a família) Familia (família); burutua (pretérito perfeito); Ezezkoak (negativas); aditzak (verbos)

-9. Hoteleko kafetegian (No café do hotel) Orduak (as horas); Zer da, zer naiz (que é, que eu sou?)

-10. Gozo-gozo afaltzen (Um jantar agradavel) Nora deklinabidea (a onde?); Nondik deklinabidea (de onde?); jatetxean (no restaurante); janari tipikoak (comidas típicas); bai, ez, galdera (afirmativo, negativo, interrogativo).

Matrikulazioa

Ikastaroak 16 ordu izango ditu orotara eta klaseak asteazkenetan izango dira, 14:00etatik 16:00tara. Gehienez 30 ikaslek eta gutxienez 5 lagunek egin ahal izango dute. Klaseak helbide honetan emango dituzte: Prédio de Letras, Av. Prof. Luciano Gualberto, 403.

Ikastaroa abuztuaren 3an hasi eta irailaren 28an bukatuko da. Parte hartu nahi dutenek matrikula egiteko epea uztailaren 26tik 29ra izango dute irekita. Matrikula egiteko bideak hauek dira: online (09:00tatik 16:30tara), zuzenean Idazkaritzan edo 3091-4645 telefonora deituz.

Informazio gehiago, hemen.


« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia