euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sanz presidenteak parte hartuko du datorren astean Miamin eta NYen egingo den AEBetako 2008 Nafar Astean

2008/01/31

Miguel Sanz presidentea iaz New Yorken egin zen Nafarroako Astearen barneko ekitaldi batean
Miguel Sanz presidentea iaz New Yorken egin zen Nafarroako Astearen barneko ekitaldi batean

PUBLIZITATEA

Nafarroako presidente Miguel Sanz buru dela nafar erakunde eta merkatarien ordezkaritza zabal bat bidaiatuko da datorren astean Estatu Batuetara, Merkataritza Ganberak eta SODENAk antolaturik, foru lurraldearen irudia, ardoa eta elikagaiak Ipar Ameriketan sustatu eta ezagutarazteko asmoz. Nafarroako hogei enpresak hartuko du parte, aurten otsailaren 4 eta 5ean Miamin eta 6 eta 7an New Yorken garatuko den 'Estatu Batuetako Nafar Astea' izenekoan. Kointzidentziaz, joan den astelehenean, NYen zen Sanzberro nafar kontseilaria, munduko 'Ardo eskualde onenari' Wine Enthusiast saria jasotzen Errioxa sor-markaren izenean, Nafarroa, Araba eta Errioxa hunkitzen baititu aipatu jatorri izendapenak.
Foru gobernu beretik jasotako informazioaren arabera, erakunde ordezkaritzako parte izango dira, besteak beste, Yolanda Barcina Iruñeko alkatea, Jose María Roig Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko kontseilaria, Begoña Urien Enpresaren zuzendari nagusia, eta Javier Taberna Merkataritza eta Industria Ganberako presidentea, eta horiekin batera Teresa Gil, Iruñeko "Don Pablo" jatetxeko sukaldari-burua, eta Ana Laguna ardoetan aditua ere.

Miamin, Nafarroako erakundeetako ordezkariak Carlos Álvarez Miami-Dade Konderriko presidentearekin bilduko dira. Konderriak Floridako 35 hiri eta bi milioi eta erdi biztanle inguru biltzen ditu, hain justu. Era berean, Nafarroako ordezkariek lan bilera eginen dute Coral Gables-eko Merkataritza Ganberako buruekin, eta "Florida Power & Light" enpresako arduradunekin. Floridako enpresak 16.000 milioi dolar fakturatzen ditu urtean, eta lau milioi etxe eta enpresa hornitzen ditu energiaz eta telekomunikazioetako zerbitzuez. Enpresaren filialak, "FLP Energy"k, haize eta eguzki energia ekoizten du, eta topaketan gai horri buruz mintzatuko dira bereziki.

Yolanda Barcinaren hitzaldia eta Hemingway erakusketa

Zehatzago esateko, Begoña Urien Enpresaren zuzendari nagusiak, Nafarroa energia berriztagarrien arloan buru dela azalduko du, lehenik Miami-Dadeko Unibertsitatean eta ondotik New Yorkeko Columbia Unibertsitatean emanen dituen bi hitzaldietan.

Bestalde, Yolanda Barcina Iruñeko alkateak eta Allen Joseph Ernest Hemingway idazlean espezialista den hispanistak, idazleak Nafarroarekin izan zuen harremanari buruzko hitzaldi bana emanen dute. Ekitaldiari amaiera emateko, Miguel Sanz presidenteak Hemingway fell in love with this country erakusketa inauguratuko du. Berau aste osoan egonen da ikusgai Miami-Dadeko Unibertsitatean.


Lotura interesgarriak

Nazioarteko Nafarroa 2007 Ikastaroa amaitu da Iruñean
2007ko abuztuaren 2an EuskalKultura.com-en argitara emana

Nafarroako Gobernuaren laguntzak nafar etxeei
2007ko uztailaren 18an EuskalKultura.com-en argitara emana

Miguel Sanz NYen iazko Nafarroaren Astean (erd.)
2007ko urtarrilaren 31ean EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia