euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Santomaseko Feria, txistorra eta ogia, zenbait euskal etxe gehituko zaizkio bihar euskal jai tradizionalari

2007/12/20

Santo Tomas eguna ospatzeko jaia Andorra la Vellako Euskal Etxeak antolatua, artxiboko irudi batean
Santo Tomas eguna ospatzeko jaia Andorra la Vellako Euskal Etxeak antolatua, artxiboko irudi batean

PUBLIZITATEA

Euskal tradizioarekin bat eginez Madril, Bartzelona eta Valentziako Euskal Etxeetan txistorra izango da abenduaren 21eko protagonista. Santo Tomasak, Euskal Herriko plaza ugaritan ospatzen den festa, euren egoitzetan egingo dute, animalia azokarik gabe eta pintxoak eta bokadiloak erosteko dezente postu gutxiagorekin baina bertan izango dira txistorradako osagairik garrantzitsuenak: giroa, jana eta edana.
Valentziako Laurak Bat Euskal Etxeko bazkideek Santo Tomas ospatzeko deia zabaldu dute eta biharko goiz osoan gozatu ahal izango da txistorradaz elkartearen Túria kaleko egoitzan. Bazkideak, lagunak eta Valentziako eskualde-etxe edo erregio zentruetako kideak gonbidatu dituzte bertara. Madrileko euskaldunek berriz nahiago izan dute ospakizuna gaualderako utzi eta iluntzeko zortzietatik aurrera hasiko da jaia. Hauek ere egoitzan bertan prestatuko dute txistorrada, laugarren pisuan hain zuzen ere eta festa irekia izango da bazkide, lagun eta publikoarentzat. Denek eukiko dute txistorra, ogia eta ardoa dastatzeko aukera.

Madrildik bertatik atera gabe, espainiar hiriburuko erdigunean (San Nicolas, 4) dagoen 'Txoko Zar' euskal elkarte gastronomikoak ere dei irekia egin die bere bazkide, lagun eta publikoari oro har, ohiko 'ate zabaltze' eguna antolatuz. Euskal Herriko hainbat etxe, baserri, lantoki eta eskoletako ohitura ohoratu nahi dute eta txistorra eta ardo sortaño bat eskainiko diete euren egoitzara hurbiltzen direnei. Horretarako Arbizu herri nafarreko Arbizu enpresa txistorragilearen lankidetza desinteresatua bildu dute. Girorik eta lehen gai onik ez zaie faltako.

Musika, txistorra eta sagardoa, Bartzelonan

Bartzelonako Euskal Etxeko kideek Santo Tomaseko giroa hiriko zenbait kaletara ateratzeko asmoa dute eta ibilbide aproposa prestatu dute horretarako. Deialdia arratsaldeko zortzietan ipini dute Traginers plazan eta ondoren honako kale hauek ibiliko dituzte: Correu Vell, Regomir, Gignàs, Àngel J. Baixeres, Joan Massana, La Nau, Basea, Argenteria, Sombrerers, Montcada eta Arc de Sant Vicenç.

Ibilbidea festa giroan eginik parte hartzaileak gaueko bederatzi t'erdiak aldera iritsiko dira Euskal Etxera. Karriketan galdutako indarrak berreskuratzeko parada izango dute, ordea, bertan txistorra eta sagardoa prest egongo baitira euren barrenak egunari dagokion moduan lasaitzeko. Euren ekarpena egingo diote horri guztiari, eta giro orokorrari, ekitaldiko partaide berezi izango diren trikitilari eta bertsolariek. Santo Tomaseko euskal giro tradizionala ziurtatua, beraz, baita Bartzelonako deialdian ere.


Lotura interesgarriak

Valentziako Laurak Bat Euskal Etxea
www.valentziakoak.com

Madrileko Euskal Etxea
www.euskaletxea-madrid.com

Bartzelonako Euskal Etxea
www.euskaletxeak.org


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia