euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Santiagoko Euzko Etxeak ongietorria antolatu du beste behin Erasmusekin Txilera iritsitako Euskal Herriko gazteei

2024/09/03

2024ko Erasmus programarekin Txilera iritsi ziren neska-mutil batzuk (argazkia EE)
2024ko Erasmus programarekin Txilera iritsi ziren neska-mutil batzuk (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Santiago, Txile. Urtero iristen dira Txilera Erasmuseko ikasleak Euskal Herri osotik, EAEko, Nafarroako zein Iparraldetik, aurten bezala, bertan ikasketak jarraitzeko edo praktika profesionalak egiteko. Azken urteotan egin bezalaxe, oraingoan ere Santiagoko Euzko Etxeko lagunek euskal etxeko ateak ireki dizkiete, eta harrera ekitaldi batera deitu, euren egonaldian bertaratzera eta elkarteko ekintzetan parte hartzera gonbidatuz. Ikasle gehienak Santiagoko unibertsitateetan jardungo dute, baina badira Valparaison, Viña del Mar-en eta Talcan arituko diren beste batzuk, hauek ere partaide hiriburuko Euzko Etxearen ekimen abegikorrean.

Urtean bitan antolatzen ditugu Euskal Herritik Txilera datozen euskal gazteentzako harrera-ekitaldiak, seihileko bakoitzaren hasieran, eta ehun ikasle biltzera ere heldu izan gara

Erasmuseko euskal ikasleek aukeratutako karrera eta diziplinak bariatuak izan ohi dira: pedagogia, gizarte lana, psikologia, ingeniaritzak… eta praktiken artean medikuntza eta erizaintza dira aukeratuenetakoak. “Urte batzuk dira topaketa hauek antolatzan hasi ginenetik; izan ere urtero bi egiten ditugu, seihileko bakoitzaren hasieran, eta ehun bat neska-mutil biltzera ere iritsi izan gara”, adierazi dio EuskalKultura.eus-i Euzko Etxeko lehendakari Ignacio Bastarrica Molinak.

"Euskal Herriko zatitxo bat Andeetan"

“Gazteak harritu egiten dira gure egoitzaren eraikina ikustean", aitortzen du, "Santiago erdian baserri tankera duen etxe erraldoia baita geurea... eta jakitean geure erakundeak 112 urteko ibilbidea daukala euskaldunen eta euskal kulturaren zebitzuan…”, azaltzen digu Bastarricak. “Guretzat ere oso atsegina da eurak gure artera ekartzea, euskara naturaltasunez entzutea eta gure egoitza euskal energia gazteaz beteta sentitzea”, aiortzen du.

"Hemen dauden bitartean, gazteetako hainbatek Euzko Etxeko ekintzetan hartuko dute parte. Aukera ederrak dituzte pilotan aritzeko, musean, edo euskal dantzak partekatzeko, baita derbyren bat ikusteko geratzeko edo lagunekin hemen geratzeko, besterik gabe". Bastarricak azaltzen duenez, “Harreman politak sortzen dira hango eta hemengo gazteen artean. Eurak gure baitan izatea, gure Euskal Herri maitearen zatitxo bat hona ekartzea bezala da, bi aldeontzat da ederra", baitetsi du Euzko Etxeko lehendakariak.

- Santiagoko Euzko Etxea Instagram-en: euzkoetxeachile



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia