Santiago, Txile. Mapochoren hiriburuan euskal gizataldeak landu izan dituen tradizioei eutsiz, Txileko hiriburuko euskal etxeek Mikel Deuna —deitura honekin ohoratu izan dute tradizionalki bertako euskaldunek San Migel, Aralarko santutegia gogoan oso— ospatu dute aurten ere, Euskal Herriko zaindariaren eguna legez. Colectividad Vasca de Chile edo Txileko Euskal Gizataldea euskal etxeari dagokionez, santuaren egunean bertan, irailaren 29an, egin zuen ospakizuna, udaberriko eguraldia lagun, hitzordua hiriko arnasgune den San Cristobal Muino zentrikoan dagoen ‘Euzko Enparantza’n, euskal komunitatearentzat zinez esanguratsua den bilgune berezi honetan,
Deia Txileko Euskal Gizataldea EEaren baitango ‘Euskadiko Lagunak’ (sic) dantza taldeko dantzariek egin zuten, Maitane Uribe zuzendari. Meza entzun zuten lehenik ‘Mariaren Amatasuna’ kaperan eta ondoren euskal dantza emanaldi bat eskaini zuten berbertan den Euzko Enparantzan, ia 93 urtedanik euskal lekuko bizidun den Gernikako Arbolaren kimuaren aurrean, hainbat eta hainbat Aberri Egun eta euskal ospakizunen gertaleku izan den tokian, 1931eko azaroan estreinatu zutenetik.
Euskadiko Lagunak taldeko neska-mutilak Cristobal Callejas apaizarekin Euzko Enparantzan
Mikel Deunaren Meza: aurten 85 bete dituen Euskal Abesbatza 'Hara non diran' kantari, Ignacio Bastarrica bakarlari
Mikel Deunaren Eguneko bazkaria, Txileko Euzko Etxeko Amalur Jatetxean
Bere aldetik, Santiago hiriburuko Euzko Etxearen kasuan, joan den igandean, urriaren 6an, ospatu zuen Mikel Deuna, euskal erakundearen egoitzan. Ekitaldia Alejandro Huerta apaizak emandako meza batekin hasi eta etxekoentzat tradizio den paellarekin jarraitu zuen, EEko Amalur Jatetxean. Meza hunkigarria izan zen, bereziki Euskal Abesbatzak emandako musika babesari esker. Bazkalostean, 1912an sortutako Txileko euskal etxe honetako lehendakari Ignacio Bastarrica bertaratutakoei zuzendu zitzaien eskerrak emanez euren lana erakundearen aurrerabidea bultzatzearren lan egiten duten guztiei.
Meza eta abesbatza
Gogora dezagun duela 31 urtedanik Patricio Aburto maisuak zuzentzen duen Txileko Euskal Abesbatza ibilbide luzekoa dela Txilen. Aurretik korurik bazegoen ere, Ramon Muguruza hernaniarrak sortu zuen Valparaisoko portura 1939ko irailaren 3an Francorengandik ihesean zetozen Errepublikako errefuxiatuz iritsitako Winnipeg ontzi famatuan. Duela 85 urte. Mikel Deunaren Eguneko meza urteko hitzorduetako bat du. Ohi bezala, urte hauetan guztietan zendutako zuzendari eta kideak ekarri zituzten gogora saioan. Cristian Buston teklatu jotzaile aritu ziren.