euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Santiagoko Euzko Etxeak itsasoz bi aldeetako lagunak partaide ospatu zuen bere mendeurrena

2012/03/19

Manuel Huarte de Salazar hizlari, ondoan Maritxu Bastarrica, 'Itxaropen gaztea' dantza taldeko gidaria bere ahizpa Mairerekin batera (argazkia EuskalKultura.com)
Manuel Huarte de Salazar hizlari, ondoan Maritxu Bastarrica, 'Itxaropen gaztea' dantza taldeko gidaria bere ahizpa Mairerekin batera (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Aste gogoangarria izan da iragan dena Santiagon. Bertako Euzko Etxeak bere mendeurrena ospatu du eta, ospatu ere Bizkaitik Foru Aldundia antolatzaile etorritako ordezkaritza bat lagun ospatu du, astelehenean Vitacurako Udaletxean eginiko euskal-txiletar jardunaldi batzuekin hasita, bi herrialdeotako enpresari eta gastronomiazaleak partaide. Bilbao-Bizkaia markaren aurkezle izan den asteak hainbat bilkura eta kontaktu ekarri ditu, baita sukaldaritza erakustaldiak ere, baina gailurra ostegun iluntzean harrapatu zuen Santiagoko Euzko Etxearen Mendeurrenaren karietara euskal elkarte honen egoitzan eginiko festan. EuskalKultura.com ere bertan izan zen, Laida Zabala kolaboratzailearen eskutik. Hona bere kronika.

Laida Zabala/Txileko Santiago. Txileko bandera eta Ikurrina elkar lotzen zituen pin-a aldean eta euskal kanten liburuxka eskuan, hasten zuen gonbidatu bakoitzak Santiagoko Euzko Etxeko mendeurrenaren ospakizuna. Oraingoan, esku pilota partida bat beharrean, bestelako ikuskizuna eskaintzen zuen bertako frontoiak, euskal nortasunaren adierazle zen agertoki ezin egokiagoan. Eserlekuz beteriko mahai luzeak gonbidatuen esperoan zeuden, edalontziak Euskal Herriko txakolin, zein Txileko ardo onenarekin betetzeko gogoz, eta plateretako labana nahiz sardexkak Bizkaiko chef onenetarikoen gutiziak dastatzeko irrikatan.

Ekitaldian, Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak, Txileko enpresariak eta euskal komunitateko eta Euzko Etxeko partaideak egon ziren, tartean Ekonomia Sustatzeko foru diputatu Imanol Pradales, euskal jatorriko enpresari txiletarren elkarteko fundatzaile den Alejandro Sande, Euzko Etxeko egungo eta aurreko zuzendaritzetako kideak nahiz Bilbon Txileko kontsula den Iratxe de Madariaga, teknologia berriak baliatuz Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusiak zuzeneko konexioa egin zuelarik, Jaurlaritzaren izenean Txile eta Perurako Euskadiko ordezkari Ana Urchueguia bertaratu zen bitartean.

Dantzariak, korala eta, telekonferentziaz, Jose Luis Bilbao

Egin zituen aurkezpen-hitzetan, Euzko Etxeko artxibari eta 'betidaniko' kide den Pedro Oyangurenek  erakundearen historiaren laburpen txiki bat egin zuen eta historia hori eraikitzen lagundu zutenak oroitu zituen. “Bere herria atzean uzten duen euskaldunak bi bizitza dauzka; bata, bere itzulerarekin amesten; bestea, euskal nortasunak bizi iraun dezan borrokan”. Bildutako guztiek biziki eskertu zuten Oyangurenek euskaraz hitz batzuk eskaintzeko eginiko saiakera. Euzko Etxearen omenez topa egiteko gonbidapena luzatuz amaitu zuen hitzaldia. Ondoren, bertaratutako guztien miresmenerako, hitzak abesti bilakatu ziren 15 gizonek osaturiko Euzko Etxeko Abesbatzaren eskutik, Patricio Aburto zuzendariaren batutari jarraiki eta Cristian Bustosen musikaren laguntzaz.

Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusiak, zuzeneko konexio bidez bertaratuta, mendeurrena zoriondu eta eskerrak eman zizkien euskal-txiletarrei. “Eskerrik asko zuen bi nazionalitateak, Euskadiren memoria eta zuen sustraiak mantentzeagatik”, esan zuen. Dantza bidezko hizlari, Euzko Etxeko “Itxaropen gaztea” dantza taldeak ekitaldia kolorez eta mugimenduz jantzi zuen. Maritxu eta Maite Bastarrica ahizpek gidatzen dute dantza taldea, eta eurak izan ziren dantzaldiari “Agurra”-rekin hasiera eman ziotenak, gerora denek batera “Makil dantza” dantzatu zutelarik. Maite Bastarricak, aita zein aitona Euzko Etxeko zuzendari izanik, “euskal kultura dantzaren bitartez” mantentzen duela ziurtatu zuen, Euskal Herriari zion maitasuna belaunaldiz belaunaldi helarazi dioten sentimendu bat zela baieztatuz.

Bizkaiko jaki eta ardoak Mendeurrena ospatzeko

Imanol Pradalesek Txilen gauzatutako harreman politiko-ekonomikoen inguruan egin zuen aipamena. “Gure kultura sustatzeko etorri gara hona, baina baita arlo enpresariala ere, hori baita munduan geure lekua egiteko bidea”. Arlo ekonomikoa aipatuta, “zoriontsu nago” leloa hartu zuen bere hitzaldiko ardatz “Txilen jasotako harrera ezin hobeagatik, Manchesterren aurrean Athletic-ek izandako garaipenagatik, eta Euzko Etxearen mendeurrenagatik”. Zazpi euskal herrialdeei erreferentzia egin ostean “Gora Euskadi Askatuta!” oihuarekin amaitu zuen.

Gauak aurrera egin ahala, hitzaldiek, abestiek eta dantzek bidea ireki zioten gastronomiari, gonbidatu guztiak itxaroten ari ziren momentua heldu zelarik: Pintxoak, txakolina eta ardoa bilakatu ziren ekitaldiko protagonista, beren egileekin batera, hala nola Beñat Ormaetxea, David Garcia, Javyer Gartzia zein Ricardo Perez chef-ak eta Jon Andoni Rementeria sommelier-a, hurrenez hurren. Trikitixa eta panderoaren doinupean, aulkiak eta sabela berotu ostean, hankak berotzeko momentua heldu zen euskal kanten laguntzarekin batera, kalejirek frontoia atzetik aurrera gurutzatu zutelarik. Mendeurrena mendeurren, Euskal Herri txiki bat aurkitu ahal izan zuen ekitaldira bertaratu zen orok, Txileko Santiagoko Euzko Etxean. Imanol Pradalesek esan legez, “Euzko Etxeak ehun urte gehiago beteko ditu”. Hala izan bedi.



Komentarioak

  • Aupa Laida

    Ederto ari zara Txile aldean, pozten naiz kazetaritzan bidea urratzen hastea, artikulu eder honekin. Gehiago espero ditugu.

    Jesusa Garagartza, 2012/03/23 11:51

  • Santiagoko Euskal Etxea

    Aupa Laida. Hori da luma, hori! Besarkada bat Urruñakoen aldetik.

    Joseba Aurkenerena, 2012/03/22 21:26

« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia