euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Santiagoko EEko 'Berriketari'ren ale berriak Txileko 2009 Pilota Txapelketaren emaitzak dakartza

2009/06/11

M. Ramírez eta R. Santesteban Ohorezko mailan txapeldunak (argazkiak Berriketari)
M. Ramírez eta R. Santesteban Ohorezko mailan txapeldunak (argazkiak Berriketari)

PUBLIZITATEA

Txileko Euzko Etxearen baitan antolatzen diren ekintza ugarien berri ematen du hilabetero bertako 'Berriketari' aldizkariak. Ignacio Bastarrica zuzendari eta Maria Angelica Carrasco editore daukan hilabetekariko azken zenbakiak Santiagoko Euskal Etxean jokatutako Txileko Pilota Txapelketaren berri ematen du, besteak beste ohorezko mailan garaile izan ziren M. Ramírez eta R. Santesteban-ek eginikoen berri emanez. Horrekin batera, musika, ikastaroak, bilkurak eta ospakizunak arloetan gertatutakoak hurbilarazten dizkie bere bazkide eta lagunei oraingoarekin bere 9. zenbakira iritsi den aldizkariak.

Santiago, Txile. Atzerapenez dabiltza Berriketari-n, kaleratu berria duten alea apirilari baitagokio. Bederatzigarren zenabkiak aipatzen duena hona ekarriz, esango dugu Euzko Etxeak antolatutako 'Lehenengo Euskal Pilota Txapelketa Nazional'ean, gogoz aritu zirela bertako partaideak. Pala txapelketan gomazko pilota erabili zen eta lau mailatan banatu ziren parte hartzaileak: Ohorezko maila, Lehenengo kategoria, Bigarrena eta Hirugarrena. Kategoria bakoitzeko partidak Euzko Etxea-ko frontoian jokatu ziren, bost egunez.

Maila bakoitzeko irabazleak hauek izan ziren: Ohorezko mailan, M. Ramírez eta R. Esteban; Lehenengoan, G. Santoro eta J. P. Luna; Bigarrenean, N. Donoso eta R. Lara; eta Hirugarrenean, K. Sadarangani eta L. Jimenez.

Gaetano Santoro, lehenengo mailako irabazlea

[Gaetano Santorok --domina jantzita agertzen dena-- eskarmentu handia du gomazko pilotarekin jokatzen den palan eta txapelketa honetan Lehenengo kategoriako irabazlea izan zen]

Txapelketaz gain, Berriketari-k Euskal Etxean 'Itxaropen Gaztea' dantza taldea aipatzen du, eta Aberri Eguneko festarekin batera maiatzaren 19an eskaini zuten emanaldia. Haien mugimendu eta arintasuna ikusi ondoren, publikoko batzuk ere animatu ziren fandango eta Arin Arin dantzatzera. Euskal aireek izan zuten, ordea, bestelako tarterik. Euzko Etxea-ko abesbatzak kantaldia eskaini zuen entzuleen gozamenerako.

Itxaropen Gaztea dantza taldea

['Itxaropen Gaztea' Euskal Etxeko dantza taldearen emanaldia frontoian]

 

Euzko Etxeko abesbatza

[Euskal Etxeko abesbatza, kantaldiaren une batean]

Ohiko bazkari handia egin eta haren ostean, dantzaldiaren txanda etorri zen. Honetan dantza taldekoak izan ziren lehenak animatzen baina ondoren, bertan zeuden partaide gazte zein helduenak ere, giro onean egindako dantzaldiaz disfrutatu ahal izan zuten.

Bestelako ekimenen artean, Euzko Etxea-n euskara ikasle eta Cumbres Eskolan gaztelania irakasle den Ruth Dauré Saralegui-k hitzaldia eman zuen apirilarten 24an Santiagoko euskal egoitzan, 'Unamuno, estallido de un gozo' izenburupean, eraikineko bigarren solairuan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia