Kideen engaiamenduari esker, gero eta mugimendu handiagoa dago La Pampa probintziako hiriburuko Zelaiko Euskal Etxean. Izan ere, hileroko topaketez aparte, euskara klaseak, abesbatza tailerra eta instituzioko buletina hasi dira aurten Santa Rosako euskal erakundean. Euskal Etxeko komunitatea pozik dago, eta erreki eder batekin, dantza eta omenaldiekin esan zion ‘agur’ 2015 emankorrari.
Santa Rosa, Argentina. Urteko balantze ona egin dute Zelaiko Euskal Etxea-ko lagunek eta arrazoirik ez zaie falta. Urtean zehar egindako lanaren ondorioz, urte amaiera jai ederra bizi izan zuten, menu eder batekin, musikari eta dantzariekin eta, garrantzitsuena, lagun onez inguratuta.
Jaia azaroko azken igande eguerdian izan zen eta 120 gonbidatu bildu zituen, tartean Macachingo Euzko Alkartasuna Euskal Etxeko talde handi bat eta La Pampako Unibertsitatean ikasle dabiltzan Euskal Herriko Santi Ruiz de Galarreta gasteiztarra eta Antton Sanchez gernikarra.
Macachingo dantza taldea arduratu zen bilkura euskal dantzez edertzeaz eta Hector Bergonzi abeslariak, bere aldetik, tango erakustaldia eskaini zuen. Bazkariaren baitan, Adolfo ‘Terete’ Dominguez Santa Rosako olerkari itsuaren poesia-CD bat aurkeztu zen, lehen aldiz, Euskal Etxearen jaian, eta Chiquita Garcia Casarrota Baraybarrek 'Eskorgako Euskalduna'ren egunkari baten orrialde bat oparitu zion Euskal Etxeari, koadro formatuan.
Gonbidatuen partaidetza eskertzeko momentuan, Euskal Etxeko kide Carlos Rincon artisauak egindako oroigarriak oparitu zizkieten anfitrioiek Macachingo dantzariei eta Euzko Alkartasuna-ko lehendakari Iñaki Unamunori. Valeria Garcia Oyarzabalek EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “esker oneko opariak eman genizkien Euskal Astean egindako lanagatik eta batez ere gure gonbite guztiak onartzeagatik. Macachingo Gure Ametza taldeko dantzariak beti etortzen dira gure jaietara dantza egitera”.
Datorren urteari begira, euskal klaseekin eta abesbatza tailerrarekin jarraituko dute Zelaiko Euskal Etxea-ko lagunek; eta euskal zine zikloa hasteko asmoa ere badute.