euskal diaspora eta kultura
2014/07/30
PUBLIZITATEA
Santa Rosa, Argentina. Jaio berri-berria da Santa Rosako euskal abesbatza. Izan ere, eta nahiz eta euskal etxeak 20 urte baino gehiago dituen, ez zuen orain arte sekula abesbatzarik antolatu joan den uztailaren 6an gauzatutako estreinaldia baino lehen, ehundik gora lagunen aurrean, San Fermineko ospakizunean. Elkarretaratzean, kantuez gozatzearekin batera, bazkari ederra ere partekatu zuten euskal etxearen egoitzara bildutako gonbidatuek.
[Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzordeko lagunek berek prestatu eta zerbitzatu zuten bazkaria: euskal ‘pikada’, dilistak eta izozkia. Sukaldarien artean etxeko lehendakari Angel Baraybar eta Sergio Lino idazkaria behar dira aipatu. Biek, anfitrioi gisa, hitz batzuk zuzendu zizkieten bildutakoei (argazkia Valeria García Oyarzabal)]
Jose Lazalleta monsinorearen zuzendaritzapean, abesbatzak euskaraz abestu zuen eta txalo zaparrada polita jaso zuen publikoaren partetik. Eta izandako arrakastak bultzaturik, hiriko Gizatalde Jaian ere kantatuko dute, datorren igande honetan, abuztuaren 3an, Santa Rosako kulturgune garrantzitsuenetako bat den Español Antzokian.
[Txapelaz jantzita eta Jose Lazalleta monsinoreak lagunduta, Agur Jaunak kantatu zuten Zelaiko Euskal Etxeko kantariek, euren lehenengo kantu saioan (foto Valeria García Oyarzabal)]
Jaia bukatu aurretik, abuztuaren 17an (data baieztatzeke) ospatuko den instituzioaren 22. urteurreneko festara gonbidatu zituen Angel Baraybar-ek, etxeko bazkide eta lagunak. Urtebetetze bazkarian euskal etxean jadanik klasikoa den itsaski-kazola zerbitzatuko da eta egoitzan azken bolada honetan egindako hobetze lanak –areto nagusiaren pintura eta etxearen fatxadako obrak– inauguratuko ditu euskal etxeak. Topaketaren baitan aipamen berezi bat egingo zaie lan hauek egiteko lagundu zutenei.
Beste alde batetik, instituziotik jakinarazi nahi dute etxeko kide den Valeria Garcia Oyarzabalek Chascomusen egindako Neguko Barnetegian hartu zuela parte joan den astean. Ikastaro trinkoa Euskara Munduan programaren 2013-2016 epeko laugarrena izan zen eta Hego Amerikako 25 ikasle/irakasle batu zituen.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus