euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Santa Fen ekainean egingo den Gizatalde Azokari begira, bere azken ekintzen berri eman du Gure Etxeak

2011/04/20

Argentinako Santa Feko Gure Etxea Euskal Etxearen lehendakari Catalina Villanueva, ikurriña eskuetan duela, apirilaren 2an, hirian Beteranoen Eguna zela-eta antolatutako ekintzetan
Argentinako Santa Feko Gure Etxea Euskal Etxearen lehendakari Catalina Villanueva, ikurriña eskuetan duela, apirilaren 2an, hirian Beteranoen Eguna zela-eta antolatutako ekintzetan

PUBLIZITATEA

Argentinako Santa Fe-ko 'Gure Etxea' Euskal Etxea, hirian ekainean egingo den urteroko Gizataldeen Azokari begira dabil, bertako egutegian oihartzun eta garrantzi berezia duen ekimen horren aurreko hilabeteetan. Izan ere, Santa Feko Gizataldeen Elkarteko kide da eta lana egiten du urtean zehar hitzordu horrek ahal eta arrakastarik handiena izan dezan. Apiril honetan, bi ekitaldi berezitan izan da partaide Gure Etxea, euskaldunen ordezkari: TC 2000 auto lasterketan, eta Beteranoaren Eguneko ekitaldietan, azken honetan elkarteko lehendakaria, Catalina Villanueva, ikurrin handi baten eramale edo banderari.

Santa Fe, Argentina. Kronologikoki Beteranoaren Eguna izan zen lehena, apirilaren 2an, eta euskal etxe santafetarra ohi bezala bertaratu zen, Santa Feko euskaldunen ordezkari, omenaldietan eta gainerako ekintza abertzaleetan parte hartuz. Halaxe egin zuen Malvina irletan eroritakoen aldeko omenaldian, beteranoak eta euren familiak, buruzagi publiko eta agintariak, hainbat erakunde eta elkartetako ordezkariak, Gizataldeetako ordezkariak eta hainbat herritar ere bertan zirela. Euskal Etxeko lehendakari Catalina Villanuevak berak eraman zuen ikurriña ekitaldietan, Gure Etxeatik EuskalKultura.com-i azaldu zaionez.

Euskaldunak present egon ziren baita ere TC 2000 auto lasterketan, apirilaren 9 eta 10ean, Santa Fe hiriko kale zirkuitu batean. Ekaineko Gizataldeen Azoka iragartzea izan zen, besteak beste, partaidetza horren helburua. Euskal Etxearen ordezkari, Silvia Regoli Roa, izan zen, euskal dantzariz jantzita, eta harekin batera Ramiro Papini Jaureguiberry Sagardoy, Gure Etxearen elastikoa soinean.

Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzordeko kide diren bi ordezkari hauek Santa Fen presentzia daukaten beste zenbait gizataldetako ordezkariekin batera ekainaren 18, 19 eta 20ean hirian egingo den Gizataldeen Azokaren folleto eta programak zeramatzaten, jendearen artean banatzeko. Jakina denez, Euskal Etxeak bere lekua izan ohi du Azoka horretan, eta halaxe izanen du aurten ere, kulturari eta gastronomiari eskainitako bi stand ipiniz, hurrenez hurren.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia