euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Santa Feko Gure Etxea euskal elkarteak hiriko kultur ekitaldiekiko bere partaidetzaren berri eman du

2011/07/18

Santa Feko Gizatalde Jaian parte hartu duten herrien banderak
Santa Feko Gizatalde Jaian parte hartu duten herrien banderak

PUBLIZITATEA

Herriak antolatutako hainbat jardueratan hartu du parte Gure Etxea-k azken hilabeteetan. EuskalKultura.com-ek garaiz argitaratu bezala, Maiatzaren 25ean, hiriko kaleetan zehar ibili zen kabalkadan ikurriña eraman zuten Santa Feko euskaldunek. Argentinarrentzat hain preziatua den beste jai batean ere egon ziren Gure Etxea-ko ordezkariak. Uztailaren 9an, Independentziaren egunean, udalak prestatutako zeremonian berriro ere euskal bandera Argentinakoaren ondoan erakutsi zen. Ekainean, berriz, 90 mila bisitari bildu zituen hiriko Gizataldeen Jaiaren protagonista izan zen euskal kolektibitatea.

Santa Fe, Argentina. Euskaldunak bai, baina argentinarrak ere badira Ameriketako hegoalderaino heldu ziren Euskal Herriko immigrante haien ondorengoak. Horregatik ez da batere harritzekoa euren bi alderdiak lantzea eta hain gogo handiz hartzea parte, esaterako, argentinar jaietan, askotan euskal arropak jantziz eta ikurriña eramanez. Maiatzaren 25ean nahiz uztailaren 9an Santa Feko euskaldunek Pirinio Mendebaldeko herriaren ordezkaria izateko ardura izan zuten udalak antolatutako ekimenetan eta ondo asko bete zuten eginkizun hori, Gure Etxea euskal etxea bitartekari.

Santa Feko Gizatalde Jaia 2011 01

[Santa Feko festarik jendetsuena da bertako Gizataldeen Jaia]

Euskal Herriaren ordezkari agertzeko beste aukera bat egokitu zitzaien joan den hilean. Ekainaren 18, 19 eta 20an Hiriko XVIII. Gizataldeen Jaia ospatu zen eta Santa Feko euskal etxearen kideek bi stand – bata kulturala, gastronomikoa bestea-- muntatu zituzten Belgrano Geltokian burutu zen festan. Santa Feko Gure Etxea-k gonbidaturik, Paranako Urrundik elkarteko dantzariek euskal dantza ikuskizuna eskaini zioten bildutako jendeari.

Santa Feko Gizatalde Jaia 2011 02

[Paranako Urrundik euskal etxeko dantzariak Santa Feko Gizatalde Jaian]

Santa Fe Kolektibitateen Jaia 2011 03

[Euskaldunek muntatutako stand gastronomikoa eta kulturalaren bi ikuspegi]

“Gero eta garrantzi handiagoa ari da hartzen jai hau. Ekitaldiaren helburua historian zehar bertan kokatu ziren etorkinei omenaldia egitea da, eta herri bakoitzaren musika, dantzak, plater tipikoak eta oro har, ohiturak erakusten betetzen da asmo hori”, azaldu diote Gure Etxea euskal etxekoek EuskalKultura.com-i. Euskal kolektibitatearekin batera, Argentina, Alemania, Bolivia, Kroazia, Espainia, Israel, Italia, Japonia, Polonia eta Suitzako gizataldeek ere prestatu zituzten standak eta ikuskizunak.

Santa Fe Gizatalde Jaia 2011 04

[Argazkilaritzaren Argentinako Akademiak Gizatalde Jairako egindako erakusketa: euskal gizataldeko haurrak]

Aipatzekoa da Asiako herrialdeak pairatutako lurrikara eta tsunami-a gogoratuz, jaiaren aurtengo edizioak “Guztiok Japoniaren alde” leloa izan zuela. Hiru eguneko jaialdia bukatuta, antolatzaileak Elkarte Suitzarrean  bildu ziren jaiaren arrakasta ospatzeko.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia