euskal diaspora eta kultura
2009/11/20
PUBLIZITATEA
Santa Fe, Argentina. Joan den larunbatean, azaroaren 14an, ekin zitzaion Santa Fe hiriko Gizataldeen Azokari. Aurten, hainbat jatorritako jendea biltzen duen jai hau hiriaren urteurrenaren markoan egin da eta hori dela eta, aurreko edizioetan ez bezala, Udal Bandak eta Udal Abesbatzak jarri diote musika ospakizun berezi honi, Juan José Cura tenoreak lagunduta.
Kolektibitate bakoitzaren ordezkariak --tartean argentinarrak, poloniarrak, kroaziarrak, japoniarrak, siriarrak, alemaniarrak, suitzarrak, boliviarrak, espainiarrak, israeldarrak, italiarrak eta euskaldunak-- arropa tipikoaz jantzita taularatu dira, bakoitzak bere bandera eramanez, eta kultura bakoitzari zegokion doinu bat lagun, Udal Bandak interpretatuta. Euskaldunen kasuan, Fandango eta Arin-Arin-en erritmoa jarraituz oholtzaratu dira ordezkari euskaldunak.
Paranako Urrundik Santa Fekoaren lankide eta gonbidatu
Aretoaren sarreran, kolektibitateek euren standak altxatu dituzte. Stand hauetan informazioa, liburuak eta musika eskura zitekeen. Geltoki zaharrean garai batean nasak zeuden tokian, janari-standak ipini dituzte, herrialde bakoitzak bere plater tipikoenak prestatu eta saldu zitzan. Dantza egiteko ordua heldu denean, Santa Feko Gure Etxea Euskal Etxearen gonbidatu bertaratu diren Urrundik euskal elkarte paranatarreko dantzariek ederki erakutsi dizkiote publikoari Euskal Herriko zenbait eskualdetako dantzak.
[Urrundik Euskal Etxeko dantzariak Santa Feko kolektibitateen azokan dantzari]
'Aurten lan handia egin dugu Immigranteen plazan', aldarrikatu du bere hitzetan Barletta alkateak, 'ahots, sinesmen, hizkuntza, zapore eta musika guztien ikurra baita plaza hori'. Eta jarraitu du: 'Geltokiek eta bidaiek oso lotura estua dute, bidaiatuz heldu baitziren immigranteak honaino, horregatik oso garrantzitsua da guretzat jai hau geltoki honetan egitea', esanez.
Santa Feko Kolektibitateen elkarteko arduradunak, bere aldetik, esker bereziak eman dizkio alkateari, jasotako laguntzagatik, eta zinez animatu du bildutako jendea hurrengo egunetako festan parte hartzen jarraitzera.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus