euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Santa Fe probintziako Roldango Euskel Biotza EEak maiatzean parte hartu duen azken ekimenen berri eman du

2015/06/03

Chivilcoyko Beti Aurrera euskal etxean, dantzari anfitrioiak eta Euskel Biotza euskal etxekoak (argazkia EE)
Chivilcoyko Beti Aurrera euskal etxean, dantzari anfitrioiak eta Euskel Biotza euskal etxekoak (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Mugimendu handiko egunak bizi izan dituzte azken boladan Roldango euskal etxeko kideek, Argentinako Santa Fe probintzian. Batetik, Chivilcoyko Beti Aurrera-k antolatutako Dantzarien Topaketan parte hartuz; bestetik, Euskadiren Argentina-Mercosur-erako Ordezkaritza bisitatuz Puerto Maderon eta Sara Pagola ordezkariarekin bilduz. ‘Buenos Airesek EH ospagai’ jaialdian ez ziren egon baina euren oihal puska bai iritsi zen Mayo Etorbidean zabaldu zen ehunki erraldoira.

Roldan, Argentina. Urtebete pasatu da erakundea osatu zenetik eta ondo asko baliatu dituzte hamabi hilabete hauek Euskel Biotza-ko kideek beste elkarte batzuekin lotura sendoak sortzeko. Hari hortarik, Roldango euskal etxeko lagunek jakinarazi dute maiatzaren 16 eta 17an Beti Aurrera euskal etxeak antolatutako Dantzarien Topaketan hartu zutela parte.

Topaketa bi zatitan banatu zen. Larunbat arratsaldean komunitateari begirako dantza tailer bat eman zuten elkarrekin bi euskal etxeetako dantza taldeek Beti Aurerra-ren egoitzan. Gauean, taberna antolatu zen eta dantzak ez ezik, kantina zerbitzua ere eskaini zen. Igande arratsaldean, aktibitate nagusia herriko 25 de Mayo plazan agitu zen, dantzak herritarren artean ere zabaltzea helburu. “Oso esperientzia polita izan da, etxean bezala sentiarazi gaituzte. Ziur hau guztia adiskidetasun polit baten abiada egokia izan dela”, adierazi dio Euskel Biotza-ko kide Gabriela Menghik EuskalKultura.com-i.

Maiatzaren 23an, bestalde, Roldango euskal etxeko dantzariak herriko Gizataldeen Azokan aurkeztu ziren. Emanaldian talde osoak dantzatu zuen, esan nahi baita urtebete eta 33 urte arteko dantzariek. Euskal etxetik satifazioz adierazi digutenez, “oihartzun handia izan zuen ikuskizunak eta horren ostean, ikusitakoak animaturik, lagun berriak hasi zaizkigu dantza klaseetara etortzen, txikien zein gazteen taldeetara”.

Maiatzeko egitarauarekin bukatzeko, Euskal Biotza-ko kide batzuek Euskadiren Argentina-Mercosur-erako Ordezkaritza bisitatu zuten joan den larunbatean, hilaren 30ean. Pagola ordezkariarekin elkartu ondoren, Buenos Airesko Laurak Bat-era abiatu ziren ordezkariarekin eta jende multzo batekin Athletic-Barçaren arteko Espainiako Errege Kopako finala ikustera.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia